Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi oroitu ditu EH Bilduk heriotzaren hamazazpigarren urteurrenenean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 28a, 13:47

Dispertsio politikari "amaiera emateko ordua" dela aldarrikatu du alderdiak, eta salatu du errepidean hil diren 16 lagunen "memoriaren aitortzaren eskubidea urratzen ari dela oraindik". 

Askatasunaren parkean oroitu dituzte Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi, eguerdian. Gaur bete dira 17 urte, orduan preso zegoen Juankar Balerdi senidea bisitatzera zihoazela bizia galdu zutenetik (Joxe Balerdi presoaren aita larri zauritu zen). Dispertsio politika "bidegabeak" 31 urte bete dituela nabarmendu dute, baita horren ondorioz, presoak bisitatzeko, senide eta lagunek kilometro asko egin eta denbora luzea igaro behar dutela ere. Horrek dakartzan ondorioak ere jakinarazi dituzte: gastu ekonomikoak, nekea, istripuak eta sufrimendua. 

Horrela, azpimarratu dute dispertsioarekin presoen giza eskubideak urratzen direla, baita senideenak ere. "Senideak kondenatuak izan gabe, zigortuak izaten dira". Toñi Ruiz, Jabi Gallaga preso lasarteoriatarraren amaren kasua ekarri dute gogora, 89 urterekin semea bisitatzera joateko (Cordobara) 800 kilometroko bidea egin behar baitu, eta beste hainbeste kartzelatik etxera itzultzeko. Egoera hori kontuan hartuta, hainbat galdera aireratu ditu alderdiak: Nork ezarri dio Toñiri biziarteko zigor hori? Nork ezarri zien heriotza zigorra Argiri eta Iñakiri? Zein nazioarteko zuzenbideren izenean? Non dago salbuespen neurri honek, egunero preso politiko eta senideen giza eskubideak urratzen dituen politika honek, eragindako 16 biktima horien sufrimenduaren aitortza?

Herritarrak oroitzearekin batera, dispertsio politikaren ondorioz, errepidean hildako 16 senide eta lagunen memoriaren aitortzaren eskubidea urratzen ari dela ere salatu du EH Bilduk. Eta nola ez, dispertsioarekin amaitzeko deia egin du. "Dispertsioa ehunka zauritu eta 16 hildakoren erantzule zuzena delako, giza eskubideak uneoro urratzeko tresna delako eta euskal gizarteak hamaika aldiz horrela eskatu duelako".  Bide batez, bihar, Argi eta Iñakiren oroitarrira egongo den  mendi ibilbidean parte hartuko dutela jakinarazi dute. 

Ibon Fernandez Iradi ere gogoan izan dute gaurko ekitaldian. Larri gaixorik dagoen 10 preso politikoetako bat dela gogoraraztearekin batera, atzo Frantziako Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak bere zigor etetearen aurka hartutako erabakia arbuiatu dute: "Esklerosi anizkoitza du, eta ezin dio gaixotasunari behar bezala aurre egin, ez bada askatuta". Horrela, gaur iluntzerako Sarek deitu duen mobilizaioaren bat egin du alderdiak.