Buruntzaldea IKTko gazteak fin Euskal Herriko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 28a, 10:15

Infantil mailako Euskal Herriko txapelketan lehiatu ziren igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT

Otsailaren 22an eta 23an, Buruntzaldea IKTko gazteek ederki egin zioten aurre hitzordu garrantzitsuari, infantil mailako Euskal Herriko txapelketa. Hiru domina, hamabost marka pertsonal eta Espainiako Txapelketarako zein Euskal Herriko Udako Txapelketarako markak eskuratu zituzten

Nora Imaz nabarmendu zen guztien artean. Gazteak hiru probatan lortu zituen kolore ezberdinetako dominak: urrea 800 m. librean; zilarra 400 m. librean eta brontzea 200 m. librean. Bi probatan bere marka ondu zuen, 200 m eta 400 m. librean, eta lehen horretan, Espainiako txapelketarako txartela lortu zuen.

June Lopezek ere hitzordu garrantzitsu baterako marka egin zuen, Euskal Herriko Udako Txapelketa. Hiru probetan izango da gaztea: 400 m. eta 800 m. libre eta 100 m. bizkar probetan.

Hiru proba hauetan ere ongi ibili zen Saioa Elola bere markak hautsiz eta Izaro Audikanak balentria bera egin zuen 100 m., 400 m. eta 800 m. libre probetan. Audikanak gainera, EHko udako txapelketarako txartela lortu zuen 400 metroko markarekin.

Eneko Elizasu ere lehen postuetan izan zen. 400 m. libre proban bosgarren amaitu zuen, bere marka hobetuta. 50 m. eta 200 m. libre probetan marka pertsonal berriak ere egin zituen eta lehen marka horri esker, Euskal Herriko Udako Txapelketan izango da lehian. 100 m. bular proban ere izan zen zer ospatu, Garazi Etxeberriak  bere marka hobetu baitzuen.

Martin ahizpak bikain 

Bestalde, Bidasoa XXI taldean igeri ari diren Ainhoa eta Leire Martin ahizpek txapelketa nagusien denboraldia bikain hasi dute. Otsailaren 8 eta 9an jokatu zen infantil, junior eta absolutu mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatu ziren eta biek domina uzta oparoa izan zuten. 

Arg.: CDN Bidasoa XXI

Ainhoak txapela jantzi zuen hainbat probatan: 200 m. tximeleta, junior eta absolutu mailan; 200 m. bizkar, junior eta absolutu mailan eta 200 m. libre, junior mailan. Eta brontzezko postuak eskuratu zituen absolutu mailako 200 m. libre eta 50 m. tximeleta probatan.

Leirek ere urrezko domina eskuratu zuen proba ugaritan: 200 m. bular, junior eta absolutu mailan; 200 m. estiloetan, junior eta absolutu mailan eta 100 m. estiloetan, junior mailan.Bigarren mailan izan zen absolutu mailako 100 metro estilo probako podiumean eta hirugarrenean junior mailako  200 m. libre proban.

Lortutako marka guztiei esker, Ainhoa junior mailako lehen eta absolutu mailako bigarren geratu zen FINA sailkapenean; Leire, berriz, bigarren izan zen junior mailan eta laugarren absolutuan.

Banakako probez gain, junior mailako 4x100 m. eta 4x200 m. libre eta 4x 100 m. estilo probetan eta absolutu mailako 4x50 m. estilo proban garaile izan ziren bi ahizpak.

Ainhoak gainera beste bi urrezko lortu zituen absolutu mailako 4x100 m. estilo misto eta 4x50 m. libre probetan.

Gipuzkoako Txapelketa ez da aste hauetan izan duten txapelketa bakarra izan. Martin ahizpak junior eta infantil mailako Espainiako Elkargo autonomikoen arteko txapelketan ere lehiatu dira-eta. Euskadiko selekzioarekin Kanariar Uharteetan izan dira otsailaren 14tik 16ra. 

Ainhoak izan ditu emaitza onenak. Hirugarren postua eskuratu zuen 400 m. estilo proban eta bi laugarren postu 100 m. eta 200 m. bular probetan.

Bi ahizpak, Buruntzaldea IKTko igerilarien antzera, martxoaren 14an eta 15ean, Iruñean lehiatuko den junior eta absolutu mailako Euskal Herriko txapelketarako prestatzen ari dira orain.