Sumendi izotz-hockey taldeak Iberdrola Ligako finalerdiak jokatuko ditu, Lorena Zabalarik gabe

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 28a, 10:30

Zabala, jokatzen. Arg.: Sumendi hockey taldea

Izotz-hockeyko Iberdrola Liga amaitzear da eta Gasteizko Sumendi taldeak aurten ere finalerako bidea egingo du. Lorena Zabala herritarrak jokatzen du taldean. Aurten ordea denboraldi erdia bakarrik egin du, entrenamendu batean lepauztaia mindu zuen-eta

Gasteizko Sumendi taldeak denboraldi ederra egin du eta sailkapeneko bigarren postuan mantendu da liga osoan zehar. Bi partida bakarrik galdu ditu, Majadahonda liderraren aurka. 

Asteburu honetan, Puigcerda taldearen aurka jokatuko ditu finalerditako partidak. Beste kanporaketan madrildarren derbia izango da, Majadahonda-Valdemoro. Martxoaren 7, 14 eta 15ean izango dira finaleko partidak. 

Lesioa

Lorena Zabala herritarra dugu Sumendi taldeko jokalarietako bat. Denboraldi hasiera ederki hasi zuen Sumendiko defentsak. Sei jardunaldietan jokatu eta partida bakarra galdu zuen, Majadahondaren aurka. Defentsa lanetan ez ezik, ate aurrean ere aukerak sortu zituen eta Milenio CP taldearen aurka gol bat egin zuen.

Tamalez, azaro amaieran, entrenamendu batean, lepauztaietako bat apurtu zuen eta geroztik harmailetik ikusi behar ditu partidak. Pena handia du herritarrak denboraldi erdia galdu izanagatik. "Aurten ezingo dut ez azken fasea, ezta mundiala jokatu ere". Baina 2020-2021 denboraldia indartsu hasteko lanean ari dela adierazi digu.