Pixkanaka zabaltzen da badela urrun, oso urrun, lehertu den birus bat eta geroz eta jende gehiago kaltetu duela. Urrun ikusten da hasiera batean baina gauza onak bezala txarrak dituen globalizazioaren tren azkarrera igota ziztu bizian hurbildu zaigu.
Birus hori ahalik eta gehien kontrolatu nahia bidezkoa da baina hortik aurrera, ez al gara histeria modu batean murgildu albistegi eta telebista zein irrati programatan? Albistegi oso baten hiru laurden gai horri eskaintzea ez dakit errealitatearen larritasunarekin batean datorren. Azken batean koronabirusa gripe modu bat dela diote dakitenek. Baina halakoetan askoz gehiago hitz egiten dute ez dakitenek, hori baita tertuliaren berezko muina: parte hartzaile bakoitzak “huntaz eta hartaz” berba egitea, gutxiago edo gehiago jakin. Egunkari, irrati eta telebistatan esan liteke ez dela beste konturik.
Ez da ordea berria joera hau eta orain baino lehen gauza beretsua gertatu izan da Brexitarekin, Kataluñako gorabeherekin edo eta klima aldaketarekin. Modaren ereduan mugitzen da albisteen tratamendua: orain honetaz hitz egitea egokitzen da eta arazoa konpondu baino lehen desagertuko dira koronabirusaren inguruko berriak, modaz pasatzen direnean. Ikusiko duzue!