EAM Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak agerraldia egin du astearte goizean, Donostian. Zubietako "proiektu kriminala" martxan jarriko duten agintari politikoak "neglijente hutsak" direla salatu dute, eta Zaldibarren gertatutako ezbeharra ekarri dute gogora zabortegi hori eta Zubietako erraustegia alderatzeko. "Gutxi batzuen negozioagatik, milaka herritarren osasuna jarri dute arriskuan; neglijente hutsak dira, eta gero, horrelako egoerak kudeatu behar direnean, ez dute mailarik ematen". Horrela azaldu dute Maria Luisa Sanchez eta Joxe Mari Irazustak EAM-ren izenean.
Pribatizazioaren bideak dakarrena azaltzeko egin diote erreferentzia, berriz ere, Zaldibarren gertatutakoari, azalduz, pribatizazioak erakutsi duela "zaborraren mafiak ez duela eskrupulorik". Argi dauka taldeak: "dirua egitea da euren helburu bakarra, eta horretarako, praktika ustel guztiak aurrera eramateko prest daude".
Agintari politikoei hondakinen gaian inoiz konponbiderik ez jartzea leporatu diete. "Zaldibarko hondakinak Gipuzkoako erraustegira ekarri nahi dituzte; hori arazoa lekuz aldatzea da besterik ez da". Horregatik, gaikako bilketa sistema "eraginkorren" politikak aplikatzeko eskaera egin dute: "Herriz herri pausoak eman behar dira, ez da inor konformatu hondakinak nahasian botatzearekin". Gogorarazi dute frogatu dutela hondakinak kudeatzeko alternatibak badaudela, Gipuzkoako herri askotan egin direla hobekuntzak, nahiz eta onartzen duten, zereginak oraindik badaudela. Donostiako, Lasarte-Oriako, Irungo, Hondarribiko eta Elgoibarko gaikako bilketaren datu "kezkagarri eta salagarriei egin diete erreferentzia. Horregatik "pauso berrien garaia" dela nabarmendu du taldeak: "Gure udalek zorroztasunez hartu behar dute konpromisoa beraiek bildutako hondakinik Zubietako erraustegira ez bidaltzeko. Egin dute eskaera "garbia": "Hondakinak bereizita ongi jasotzen direnetan, ez eraman erraustera".
Zubietako erraustegiak inguruko jendea eta etorkizuneko herritarrak "kutsatu eta eta kaltetu" ez ditzan, ekintza berriak antolatzeko beharra ikusten du EAM-ak. "Jarraituko dugu kontrol independenteak egiten, herritarren artean egiazko informazioa zabaltzen, eta gure esku dagoena zorroztasunez egiten, guztion etorkizuna erre ez dezaten". Bide batez, Larreko Mahaiak –klima larrialdiari aurre egiteko Gipuzkoako eragile hainbatek sortutako plataforma – larunbaterako Donostian deitu duen manifestaziora joateko deia egin dute. Osasunagatik, ekonomiarengatik eta klimagatik, ez erre etorkizuna! lelopean, Easo plazatik abiatuko da mobilizazioa, 17:00etan.
Kandelekin eta beltzez jantzita
Martxoaren 3rako ere beste deialdi bat egin dute, egun horretan jarriko baitute ofizialki martxan erraustegia, nahiz eta ez den erabat ziurra. Horrela, herri guztietan, arratsaldeko 19:00etan kandelekin eta beltzez jantzita kontzentrazioak deitu dituzte. Horretaz gain, deialdi berriak egon daitezkeela iragarri dute, hortaz komunikazio bideei adi egoteko eskatu diete herritarrei.
OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuak ere gaiaz hitz egiteko prentsaurrera agertu dira, Usurbilen, eta argi azaldu dute "erraustegiak oraindik ere herritarren osasunerako arrisku bat direla". Iaz argitaratutako bi azterlanetan jarri dute arreta; Britainia Handian egindakoa lehena eta bigarrena, berriz, Italian egindakoa. Lehenak erakusten du nola jaiotzatik malformazioak jasateko arriskua areagotu egin den ikertutako erraustegien inguruan bizi diren biztanleen artean; zehazki bihotzeko eta gernu-aparatuko malformazioak. Bigarrenean, aldiz, hilkortasun totalaren gorakada nabari da, minbizia linfatikoagatik, arnas gaixotasunagatik eta gaixotasun kardiobaskularrengatik. Horiek ere erraustegien inguruetan bizi diren biztanleriatan hartutako datuak dira.
Afekzio horietako batzuk erraustegi modernoen inguruan berriki egindako beste ikerlan batzuen ondorioekin bat datozela ere jakinarazi dute OIETko medikuek; baita Munduko Osasun Erakundeak 2016an hondakinak eta osasunari buruz argitaratutako txosten batean aipatutakoarekin ere. Adierazpen argi bat gehitu dute. "Medikuak eta Gipuzkoako herritarrak garen aldetik, esan dezakegu hondakinak erraustuz ondoren sortzen diren zepak eta errautsak zabortegian metatzeak are gehiago kaskartuko duela arnasten dugun airearen zein gure elikagaiak landatzen ditugun lurzoruen kalitatea, eta horrek guztiak herritarron gaixotzeko arriskua areagotuko du".
Hori kontuan hartuta, eskaera bat egin diete agintariei: osasunean ez ezik, ingurumenean eta kliman ahalik eta eragin gutxien izango duen moduan kudeatu ditzatela hondakinak. "Kudeaketa horrek, jakina, hondakinen errausketa eta horren ondorioz sortutako zepen eta errautsen zabortegietako metaketa bertan behera uztea eskatzen du". Agerraldia amaitu aurretik, "klase politiko eta erakunde guztiei" ere zuzendu dizkiete azken hitzak. Eskatu diete osasuna euren politika guztietan txertatzea, ingurumen osasungarriagoak sortzeko eta gaixotasunak ekiditeko, Munduko Osasun Erakundearen gomendioari eta "gizartearen nahiari" jarraiki.