Eskualde mailako manifestaziora deitu du Ernaik gaur, erraustegiaren aurka protesta egiteko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko otsailaren 27a

Mobilizazio eguna prestatu du Ernaik gaurko, Zubietako erraustegiaren aurka protesta egiteko. Bi deialdi iragarri ditu: 12:00etan Donostian, eta 19:00etan Lasarte-Orian. Eskualde mailako manifestazioa izango da arratsaldekoa; Okendo plazatik abiatuko da.

Protesta eta mobilizazio eguna prestatu du Ernai Gazte Antolakundeak gaurko. Bi deialdi iragarri ditu. Eguerdian izango da lehenengoa, Donostian, 12:00etan: gazte mobilizazioa egingo dute. Arratsaldean berriz, 19:00etan hasita, eskualde mailako manifestazioa egingo dute Lasarte-Orian. Okendo plazan jarri dute hitzordua. Horrez gain, Larreko Mahaia eragileak larunbaterako deitutako manifestazioarekin bat egin dute. Donostian egingo dute, 17:00etatik aurrera, Easo plazatik.

"Ez dugu etsiko"

Ernaik nabarmendu du ez duela etsiko erraustegiaren aurkako borrokan. "Ez dugu onartzen gure lurrarekin eta osasunarekin jolastea". Gazte antolakundearen iritziz, "sistema kapitalista heteropatriarkalaren ikono bat gehiago" da erraustegia, "gutxi batzuen interes ekonomikoa herritarren bizitzaren gainetik" jartzen duena.

Larrialdi klimatikoa ere izan du hizpide Ernaik. "Are ulergaitzagoa da, gaur egungo testuinguruan, gisa horretako proiektu bat martxan jartzea". Horren aurrean, gazte antolakundeak uste du "beste bizimodu baten aldeko apustua" egin behar dela, eta "alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestiak eraikitzeari utzi". 

Herritarrei dei egin zien mobilizazio horietan parte hartzeko: "Ustelen legea errautsa eta kea besterik ez delako, gu bizitzak erdigunean jartzera gatoz. Euskal gazteria aurrera!".