Errendimendu kadete mailako Ostadar SKT denboraldi paregabea egiten ari da. Liga kategoria horretan hasi zuen, eta, hilabete batzuk beranduago, Euskal Ligara igo da, A-2 multzora. Berehala hartu dio neurria erronka berriari, eta ederki ari da: jokatutako lau norgehiagoketatik hiru irabazi ditu. Azkena, pasa den larunbatean, Maialen Chourraut kiroldegian. Etxean. 50-39. Arerioa, Loiola Indautxu donostiarra.
Lehenengo laurdena parekatua izan zen. Talde batek bestearen indarrak neurtu zituen, eta alderantziz. Saskiraketa gutxi ospatu zituzten zaleek: 12-9koa islatzen zuen markagailuak lehen hamar minutuak jokatu eta gero. Ostadar aurretik. Hori ez zen aldatu partida osoan.
Freskoago eta indartsuago ekin zioten urdin-beltzek bigarren laurdenari, eta nabaritu zen hori markagailuan: 24-15ekoa atsedenaldian. Hor apurtu zuen partida etxeko taldeak. Oraindik ez zegoen ezer erabakita, ordea.
Aldageletatik bueltan, indarrak asko parekatu ziren berriro ere. Defentsak gehiago nabarmendu ziren erasoak baino, argi baitzuten bi entrenatzaileek partidaren gakoetako bat hori zela: norberaren saskia giltzaz itxi, eta, ondoren, arerioarena zulatzen saiatzea. Estutu egin zuen Loiola Indautxuk hirugarren laurdenean, baina Ostadar ito gabe: 34-28 urdin-beltzen alde.
30 minututan irabazitakoa azken hamarretan ez galtzea zaila da batzuetan, baina ez zitzaion hori gertatu Ostadarri. Alderantziz: finago aritu zen erasoan, eta lasai antzean jokatu zituen azken baloi-jabetzak. Bukaeran, 50-39. Euskal Ligan ari denetik hirugarren garaipena.
Seniorrak, errebantxa bila
Gipuzkoako 1. mailako senior taldeak Antigua Luberriren aurka jokatuko du asteburu honetan, Maialen Chourraut kiroldegian. Kategoriako talde indartsuenetako bi dira. Lehen itzuliko neurketan bi puntugatik besterik ez zuten galdu herritarrek –41-39–. Errebantxa nahi dute.