Itsasoko sekretuek liluratuta

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 26a, 11:59

Herriko ikastetxeetako haurrek itsasoa zertxobait hobeto ezagutu dute gaur goizean, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren antolatzaileek 'txikizikloa' prestatu dute etxeko gaztetxoentzat. Hainbat bideo ikusi dituzte, eta Gaea elkarteko kideen hitzaldia entzun.

Harridura oihuak itsaspeko olagarro erraldoi bat agertu denean pantailan. Beste bat itsasoko olatuek Donostiako Paseo Berriko horma bortizki jo dutenean. Itsasoko sekretuek liluratu egin dituzte herriko ikastetxeetako haurrak gaur goizean. CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloko antolatzaileek prestatutako Txikizikloa ekimenean parte hartu dute.

Sarrera moduan, zenbait laburmetraia ikusi dituzte. Horietako bat Kantauri itsasoan bizi diren animaliei buruzkoa zen. Nomadak dira horietako zenbait, bizitokiz etengabe aldatzen dutenak, alegia: marrazoak eta manta-arrainak. 180 metro baino gehiagoko sakoneran bizi dira. 

Gaur egungo gaztetxoen harridura eta lilura oihu horiek kezka eta tristurazkoak bilaka daitezke urte gutxiren buruan. Itsasoko kutsaduraz ohartarazi die beste film labur batek haurrei. Datu bat: plastiko kontsumo eta kutsadura erritmo honekin jarraituz gero –2019a izan da urterik kutsagarriena, dokumentalaren arabera–, 2050. urtean animalia baino plastiko gehiago egongo da ozeanoan eta itsasoetan. 

Itsasoa ezagutzeaz gain, beste hainbat kontzeptu ezagutu eta sakondu dituzte ikasleek. Esate baterako, berotegi efektua zer den, nondik datorren eta zein eragin duen gure planetan. Gaea elkarteko kide Maite Erauskin eta Elsa Cuendek eskaini dute hitzaldia. Tarteka, galderak ere egin dizkiete haurrei. 

Aurtengo zikloa, bukatuta

Aste honetako astelehenean gozatu zuten herritarrek CIMASUB zikloaren azken proiekzioaz. Kultur etxeko auditoriora gerturatu zirenek kalitate handiko lanak ikusi zituzten. Besteak beste, hauek:

  • Un paso de gigante dokumentala, Daniel Aldayak egina Maldivetan (39 minutu).
  • One breath around the world, Guillaume Neryk egina Filipinetan (hamahiru minutu).
  • Caila, Isaias Cruzek egina euskal kostaldean (sei minutu)

Argazki ikusgarrienekin ere diaporama bat egin eta proiektatu zuten kultur etxean. François Baelen frantsesaren argazki batek irabazi du lehen saria.

Erlazionatuak

'Txikizikloa' kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2020 ots 26 Kultura