Asteburu handirako prest

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 26a, 09:47

Semblante Andaluz elkarteak Andaluzia eguna ospatuko du asteburuan. Otsailaren 28a da egun handia, ostirala, eta orduan hasiko da festa, ohorezko ardoarekin. Ekintza gehiago egingo dituzte igandera arte.

Ospakizun asteburua dute aurretik Semblante Andaluz elkarteko kideek: Andaluzia eguna da otsailaren 28a, ostirala aurten. Egun horretan lehertuko da festa elkartearen egoitzan: ohorezko ardoarekin egingo dute topa bertako kideek eta udal korporazioko ordezkariek, 20:00etan. Semblante Andaluzek zuzendaritza taldea berrituko du egun horretan.

Haurren eguna izango da larunbata. Duende eta Gitanillas del Alba dantza taldeetako gaztetxoak igoko dira egoitzako oholtzatxora. Ondoren, aurpegiak margotu eta ipuinak entzungo dituzte etxeko txikienek. Jostatzen eta dantzan xahututako indarrak berritzeko, askaldu egingo dute gero.

Andaluzia eguna berez ostiralean bada ere, ospakizun egun handiena igandea izango da, martxoaren 1a. Meza ospatuko dute Arantzazuko Ama parrokian, 12:00etan. Semblante Rociero koruak girotuko du. Meza bukatu eta gero, Atsobakarrera joango dira, Semblanteren egoitzara, eta bazkaldu egingo dute. Hori baino lehen, Andaluziaren ereserkia abestuko dute, instrumentuak eskuetan. Musikak iluntzera arte jarraituko du, 17:00etan hasiko baita Aurelio Gallardoren emanaldia. Runbak eta sevillanak ekarriko ditu Lasarte-Oriara.

Erlazionatuak

Andaluzia eguna 2019

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ots 24 Kultura