"Ohar hau idazten dugunean, 19 egun pasa dira Zaldibarreko hondakindegian lubizia gertatu zenetik. Zaldibarren gertutakoak berretsi baino ez ditu egiten gure herritik gertu eraiki duten Erraustegia gelditzeko eman ditugun arrazoiak. Horregatik, kezkak eta ezinegonak hartuta, Lasarte-Oriako Aire Garbia erraustegiaren kontrako ekimenak ondoko hausnarketak konpartitu nahi ditu lasarteoriatarrekin:
- Lehenengo eta bat, gure dolumin sakonena une honetan oraindik desagertuta dauden bi langileen senide eta lagunei. Hau ez da kasualitatea; beste askotan bezala, hau ez da lan istripu bat. Hau, beste ezeren gainetik, langileen bizitzaren ere gainetik, etekinak bilatzen duen kudeaketa eredu baten ondorio jakin, zuzen, krudel eta saihestezina da.
- Sakonera joanda, erraustegiak Zaldibarren aplikatu den hondakinen kudeaketa pribatizatzeko politika berberari erantzuten dio, EAJ-PSOEk kudeatzen dituzten erakundeek bultzatzen duten eredua, alegia. Ez gaitezen engaina, Verter Recycling-en modura, URBASER-ek ez dauka pertsona (herritar edota langileak) helburu, ahal den etekin handiena lortzea dauka zeregina. Inozoak bakarrik pentsa dezake kontrakoa.
- Aurrekoa larria izanda, are larriagoa da Zaldibarrekoaren harira jakin izan duguna: Jaurlaritzaren erabakiz, 2000. urtetik aurrera, Administrazioak instalazio industrialen ziurtasun eta kalitatearen parametroen zaintza zuzena egiteari uzten dio eta enpresen esku uzten du; ondorioz, enpresak berak dira instalazioen ziurtasunaren erantzuleak. Otsoa ardien artzain, alegia. Hau da, URBASERen arduraren menpe egongo da lasarteoriatarron osasuna. Ora pro nobis, Lucifer! Horrela jokatuta, ondorioztatzen duguna da gure Administrazio Nagusiek ere ez dutela pertsona helburu, beraien propagandetan esaten dutenaren kontra.
- Airearen kalitatearen neurketez ere asko ikasi dugu. Duela hilabete gutxi, erraustegiak herriko aire kalitatean izan dezaken inpaktoa neurtzeko estazio finko bat jarri dela esan zigun Asensio jaunak. Argi dago orain, lasarteoriatarrak engainatzeko propaganda kanpaina hutsa izan zela: dioxinak eta furanoak ez dira Lasarte-Orian ez modu jarraian neurtuko, laginak hartu eta hainbat egun pasa eta gero Madrilen neurtuko dituzte. Bitartean, pozoia biriketan sartu.
- Propagandarekin lotuz, mesfidantza handia sortzen digu Zaldibarren bueltan egon den opakotasun eta desinformazio saiakera. Herritarrek gaizki eta berandu izan dute bertan gertatuaren berri; eta hutsune handiak daude oraindik, galdera eta zalantza asko daude oraindik erantzun baten zain. Hau da lasarteoriatarrei, “Gipuzkoako ingurumen-gune” berde koloreko estalpean, erraustegiaren lobby politiko-ekonomikoek eskaintzen diguten etorkizuna? Ez, eskerrik asko, ez dugu hori merezi.
Hauengatik eta tintontzian geratzen diren beste arrazoiengatik, Aire Garbian argi daukagu: aurrean dugun erronka ekologikoari eusteko, ez dugu erraustegirik behar. Neurri ausart eta aurrerakoiak behar ditugu, errausketarik gabeko hondakinen kudeaketa iraunkor eta garden bat. Konpromiso kolektibo eta politikoa behar dugu, ingurumenaren zaintza ardatz duten ereduenganako atxikimendua zabaltzeko, hau da, kontsumoaren murrizketa, berrerabilpena eta birziklapenean oinarritutako sistemen inplantazioa logika sozioekonomiko bakar gisa nagusitzeko. Politika publikoetatik bermatu behar den trantsizio ekologiko batek eskumenen pribatizazio gutxiago eta demokratizazio gehiago eskatzen du. Nork ordainduko du erraustegiaren zorra?
Herritarrok hitza eta erabakia hartu nahi dugu, hondakinen kudeaketa geure egunerokoen afera delako, zuzenean eragiten digulako, eta errausketak geure lur, gorputz eta bizitzak kutsatzerik nahi ez dugulako. Ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko duen jendarte eredu baten aldeko borrokan trantsizio ekologikoa ardatz hartuko dugu eta bertan eragiteko konpromisoa geure egingo dugu.
Amaitzeko, Lasarte-Oriako Aire Garbiak geure osasuna, ekonomia eta klimagatik, erraustegia gelditzeko LARReko mahaiak OTSAILAREN 29an arratsaldeko 17:00etan Donostiako Easo plazatik abiatuta deitu duen manifestazioarekin bat egiten du, eta gonbidapena luzatzen die lasarteoriatar guztiei bertan parte hartzeko eta baita, helburu hauekin, egun hauetan dei daitezkeen manifestazio eta elkarretaratze guztietan ere".
JENDARTE HAU BIZIAGARRIAGOA EGITEKO!
ERRAUSKETARIK GABEKO HERRI BATEN ALDE!
EZ DIEZAGUTEN ETORKIZUNA ERRE!!