Egitaraua azaltzen hasi baino lehen, Martxoaren 8a emakumearen eguna bezala izendatua izan arren, 365 egunak direla gogoratu du alkate Agustin Valdiviak agerraldian. “Gaur egun dagoen arraila ixteko gizarte guztiak borroka egin behar duela uste dugu. Emakumeak ahaldundu eta berea den guztia erreklamatu behar dute argi dago. Baina hori gauzatzeko, hezkuntza, erakunde, elkarteak, familiak… gizarteko eremu guztiek bat egin behar dute.”
Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Izaskun Oronoz eta Joana Azpitarte arlo bereko teknikariak eta Maite Iglesias Emakumeen Zentro Zibikoko koordinatzaileak zehaztu dituzte egitarauaren nondik norakoak.
Martxoaren 8a, Emakumeen nazioarteko egunean, eguerdian elkarretaratzea egingo da Okendo plazan.
Aurretik, 2021 urteko Emakumeen Nazioarteko eguneko kartel lehiaketako aukeraketak emango dio hasiera egitarauari. Herriko gazteen proposamenen erakusketa irekiko da Emakumeen Zentroan, martxoaren 4ra arte. Lehiaketako bigarren eta hirugarren postuak bozkatzeko aukera ere izango dute zentrora arratsaldeko 17:00etatik 19:30era hurbiltzen diren herritarrek. Martxoaren 4an, 18:00etan egingo da sari banaketa.
Kartel lehiaketaz gain, martxoaren 6an, 12 eta 15 urte arteko gazteek Berdintasunerako prest? ginkanan parte hartuko dute, Gaztelekuan.
Eta Oriarte Institutuarekin elkarlanean, jolas patioa margotuko dela era jakitera eman dute, gune hori berdintasuna lantzeko espazio bezala erabiltzeko.
Era berean, haurrei zuzendutako bi ekintza izango dira: Teresa printzesa morea ipuin kontalariaren saioa eta Meri, Mari eta Lari antzerkia. Lehena martxoaren 3an izango da Manuel Lekuonako haur liburutegian; antzerkia ordea, martxoaren 11n, kultur etxeko areto nagusian. Bertara gerturatuko dira Lasarte-Oriako ikastetxeetako haurrak.
Antzerkia, afaria, musika eta zinema izango dira helduei zuzendutako hitzorduak. Ohikoak diren ekitaldien artean, aurten bi berrikuntza nagusi izango dira.
Zero Sette akordeoi orkestrak ekimenarekin bat egin eta Emakume zuzendarien lanak kontzertua eskainiko du, martxoaren 8an, Antonio Mercero aretoan.
Eta martxoaren 14an, Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia Lasarte-Orian izango da lehenengoz. Jaialdian ikusgai izango diren sei film labur ekarriko dituzte herrira. Gonbidapenak eskuragarri daude emakumeen Zentro Zibikoan eta Gizarte Zerbitzuen egoitzan. nHauek amaitzean, 5,50 eurora erosi ahalko dira Manuel Lekuona kultur etxean.
Adineko pertsonek ere izango dute bere tartea, martxoaren 11n. Berdintasuna lantzeko bideo forum bat antolatu da eta.
Martxoaren 7an, larunbata, adin guztiei irekitako ekintza izango da, zunba maratoia. Arrakasta handia duen ekitaldiak bosgarren urtea du.
Udal teknikariek eskerrak eman dizkiete modu altruistan egitaraua osatzen lagundu duten elkarte, erakunde eta pertsonei.
Horrez gain, udal ordezkariekin batera, herritar guztiei dei egiten diete egitarauko ekitaldietan parte hartzera, batez ere, martxoaren 8an Okendo plazan egingo den elkarretaratzera.