Adineko pertsonak Atsobakar eguneko zentrora garraiatzeko zerbitzua hitzartu dute Gurutze Gorriak eta Domusvik

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 24a, 12:23
Argazkia: Lasarte-Oriako Gurutze Gorria.

Akordioa sinatu dute Lasarte-Oriako Gurutze Gorriak eta Domusvik, Atsobakar eguneko zentroa kudeatzen duen enpresak: urteko egun guztietan adineko pertsonak bertara garraiatzeko zerbitzua eskainiko du Gurutze Gorriak. 2019an 37 pertsonak erabili zuten.

Lasarte-Oriako Gurutze Gorriak hitzarmena sinatu du Atsobakar eguneko zentroa kudeatzen duen Domusvi enpresarekin: adineko pertsonak bertara garraiatzeko zerbitzua eskainiko du, urteko egun guztietan. "Egokituta dauden eta beharrezko segurtasun neurriak dituzten ibilgailuak, Gurutze Gorriko gidari bat eta Atsobakar egoitzako langile kualifikatu bat" arduratuko dira zerbitzua emateaz. 2019an 37 pertsonak erabili zuten. Gaur egun 22 erabiltzaile aktibo ditu, Gurutze Gorriak emandako datuen arabera.

Gurutze Gorriak 2000. urtetik eskaintzen ditu garraio egokituko zerbitzuak. "Helburua da mugikortasun urria duten pertsonak ahalik eta gehien gizarteratzea", nabarmendu du elkarteak. "Ez da erraza aisia eta denbora libreko ekintza horietan parte hartzea pertsona horientzat, aukera bakarra garraio publikoa denean".