Urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak kolkoratu dituzte Udal Musika Eskolako piano jotzaileek

Maddi Zaldua 2020ko ots. 21a, 08:00

15. Andoaingo piano jaialdian parte hartu dute dozena bat piano jotzaile lasarteoriatarrek asteburuan. Lan ona eginda, dominekin itzuli dira etxera

Herriko hamabi parte hartzaile izan dira Andoaingo Bastero kulturgunean egin den XV. piano jaialdian, eta horietatik hamarrek dominak kolkoratu dituzte. Larunbatean eta igandean ospatu da jaialdia, eta estilo ezberdinetako obra ugari taularatu dituzte gazteek. 

Lasarte-Oriako piano jotzaile guztiek bakarlari gisa parte hartu duten arren, hiru modalitatetan aritu dira parte-hartzaile guztiak; bakarlari gisa, lau eskutara eta seira.  Aurten, gainera, Ludwig van Bethoveenen jaiotzaren 250. urteurrena gogoratzeko eta omentzeko, konpositore alemaniarraren sari berezia ere  antolatu dute.

Larunbatean eta igandean, hamabi piano jotzaile lasarteoriatar izan dira lehiaketan. A kategorian (11 urte artekoak) Naroa Ugarteburu, Maider Urdampilleta, Ane Gallego, Izaro Martin herritarrek parte hartu dute. B kategorian (14 urtera artekoak), berriz, Alazne Armendariz, Dunixe Belamendia, Avril Salas, Aiora Toquero, Eneritz Diaz de Gereñu, Nahia Goenaga eta Gari Iraola aritu dira. Azkenik, C kategorian (14 urtekoak) Unax Goenaga lehiatu da. 

Oso lan ona egin dute, eta horren erakusgarri dira kolkoratutako dominak. Guztira,  hamar ekarri dituzte Lasarte-Oriara: urrezko bi, zilarrezko zazpi eta brontzezko bat. Ziur lortutako sari horiek lanean jarraitzeko indarra emango diela musikari gazteei.