Larunbat goizean Maialen Chourraut kiroldegira gerturatu ziren zaleek gogotik gozatu zuten. Eguzki 2KN eta Antigua Luberri taldeetako atezainek, ordea, ez hainbeste: bakoitzak sei bider jaso behar izan zuen baloia sareetatik. Gol zaparrada Gipuzkoako jubenil mailako partida horretan. Puntu bat gehiago zakuratuta, ligako bosgarren postuan jarraitzen dute herritarrek. Golegileak hauek izan ziren: Ivan Mangas (2), Iago Gomez, Ibon Garcia, Ander Hazas eta Gaizka Irazusta.
Jubenil mailako beste taldeak, Eguzki Balerdi Harategiak, ezin izan du punturik urratu asteburuan. Kategoriako talde indartsuenetako batekin neurtu zituen indarrak, eta 8-2 galdu. Golak Telmo Galian eta Ibai Anguianok sartu zituzten. Azken partida galduta, sailkapeneko azken postuan da taldea, zortzi punturekin. Hurrengo sailkatuak, hala ere, gertu dauzka, eta hurrengo neurketa irabaziz gero postuak igo ditzake.
Senior kategoriatan lehian ari diren talde guztiek puntuatu dute. Eguzki Garoa Tabernak 0-5 irabazi du Tolosalaren aurka. Eguzki Aldaz Hortz Klinikak ere hatz mamiekin ukitu zuen garaipena, baina azkenean puntu batekin konformatu behar izan zuen: launa berdindu zuen Antiguokoren aurka. Gipuzkoako 1. mailako taldeen emaitzak izan dira horiek. 2. mailan ari den Eguzki ISU Leihoakek garaipen kutsuko berdinketa bat erdietsi du, Donipari liderraren kontra, 1-1. Sailkapenari so eginda, puntu bat gehiago pilatzeak ez dakar aldaketa handirik, baina bai moralki: indarra emango die hurrengo jardunaldietarako, ziur. Talde federatu gehienek atseden hartuko dute asteburu honetan, Inauteriak tarteko.