16:00etan Eibarren jokatu behar zen gipuzkoarren derbia, 17:00etan hasi zen Zarautzen. Etxeko taldeak kanpoko talde bezala jokatu behar izan zuen eta onura atera zion zelai aldaketari, 6-36 irabazi zuen
AVIA Eibar taldea gogoz atera zen zelaira eta lehen jokaldietan lehengo garaiko derbia izango zela zirudien, txoke handikoa eta aurrelarien jokoa nagusi izango zena. Eibartarrak aurreratu ziren zigor-ostiko bati esker, baina Zarauzko hiru laurdeneko jokalariek erritmo aldaketak egin eta esku-joko ederra erakutsi zuen entsegua egiteko. Carlos Estrada gazteak hagetarako ostikoa transformatu zuen eta 3-7 jarri zen dortokaren hamabostekoa.
Hamalaugarren minutuan, Estradak berak aldeko zigor-ostikoa jaurti eta hiru hagen artean sartu zuen beste hiru puntu lortuz. Ahalegin handiak egin zituzten bi taldeek entsegu marrara gerturatzeko, baina ezin izan ziren helmugara iritsi. 24. minutuan, BabyAuto Zarautzeko Albert Onelei jokalariari txartel horia erakutsi zioten eta Beltzek jokalari bat gutxiagorekin jolastu behar izan zuten. Talde armaginak ongi baliatu zuen kopuru-nagusitasuna eta 26. minutuan zigor-ostikoz 6 eta 10a jarri zuen markagailuan. Lehen zatia horrela amaituko zela zirudien arren, atsedenaldirako minutu bat falta zenean, Alex Saleta lasarteoriatarrak entsegua lortu zuen.
Bigarren zatiko lehen minutuetan erabaki zen partidaren patua Zarauzko aurrelarien lanari esker. Eibarrek ahaleginak egin zituen, baina gainezka egin zien BabyAuto Zarautzek. Josu Valenciano jokalariaren bi jokaldi erabakigarriak izan ziren. Lehenean Valenciano berak egin zuen entsegua. Estradak gero hiru hagen artean baloia sartzeko. Bigarrenean, aurkari ugari driblatu ostean, marratik bost metrora plakatu zuten Valenciano. Zarauztarren aurrelari-multzoak ongi baliatu zuen egoera aurrera egitek eta Saleta herritarrak entsegua egin zuen. Sebastian Sedranek zigor-ostikoa bota eta beste bi puntu gehiago igo ziren Zarauzko taldearen markagailura, 6-29.
Eibarko aurrelariek ez zuten amorerik eman, ordea. Erdialdean jokatzen saiatzen ziren eta behin eta berriro dortokaren hamabosteko defentsa aurkitzen zuten aurrean ahaleginak zapuzteko prest. 70. minutuan, Corey Simpsomek azken entsegua egin eta Sedranek ez zuen hutsik egin zigor-ostikoan. Garaipenarekin BabyAuto Zarautzek beharrezko puntuak eskuratu zituen.
Aste honetan, Getxo RT ligako liderra izango dute aurrez aurre, Astin, Zarautzen eta partida gogorra aurreikusten da.