Lan erdiak, ia eginda

Txintxarri Aldizkaria 2020ko otsailaren 18a

Zortzi jardunaldi jokatuta, herriko areto futbol txapelketan lehian ari diren taldeei partida bakarra falta zaie konpetizio horren ekuatorera iristeko. 

Sailkapenaren taula eskuetan hartuta, Patricio Cocktail Bar izan da erregularrena: hamasei puntu zakuratu ditu. Gertu daude Buenetxea eta Insausti tabernak, hamalauna punturekin. Txapeldunen faserako lau talde sailkatuko dira. Uneotan, Asador Irigoien sartuko litzateke, hamahiru punturekin. Inork ezin du erlaxatu, ordea: sei talde daude lau puntuan. Bigarren itzulia emozioz betea izango da.

Zortzigarren jardunaldiko emaitzak honakoak izan dira: Insausti 8-2 Viña del Mar; Trumoi 2-4 Buenetxea; Avenida 3-1 Garoa; eta Patricio 3-1 Goiko. Asador Irigoienek atseden hartu du. Asteburu honetan, inauteriak tarteko, ez da jokatuko neurketarik Michelin kirol gunean.