Bederatzi lagun saritu ditu Buruntzaldeak gidabaimena euskaraz ateratzeagatik

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 18a, 10:19

Hamar urte dira egitasmoa martxan jarri zutela, eta iaz, 124 lagunek atera zuten gidabaimena euskaraz Buruntzaldean. Horietatik bederatzik jaso dute saria. 

Ostiralean egin zuten zozketa, 2019. urtean gidabaimena euskaraz atera duten lagunen artean. Hernaniko Biteri kultur etxean izan da ekitaldia, eta bertan bildu dira Buruntzaldeako autoeskoletako eta udaletako ordezkariak. 

Gidabaimenaren atal teorikoa gainditu duten Buruntzaldeako 124 herritarretatik bederatzik jaso dute saria. Horiek, teorikoan gastatu duten dirua berreskuratu ahal izan dute, gehienez 400 euroko kopuruarekin. 

Egitasmo horren bitartez, gazteak gidabaimena euskaraz ateratzera animatu nahi dituzte. Bide horretan, urtez-urteko kopurua gorantz doala jakinarazi dute. 2018.urtean, esaterako, 110 lagunek gainditu zuten gidabaimena euskaraz (iaz baino 14 pertsona gutxiagok) eta 2017. urtean, berriz, 103k (iaz baino 21 herritar gutxiagok). 

Sariketan parte hartzeko zenbait baldintza betetzea ezinbestekoa da. Alde batetik, Buruntzaldeako herriren batean erroldatuta egon behar da, eta bigarrenik, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz gainditzea 2019. urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitartean; noski, Buruntzaldeako autoeskolaren batean. 

Mugica autoeskolako Maddi Sukunza Gomez izan da Lasarte-Oriako saritua. 

Aurten ere egitasmoa martxan

Abiatu da aurtengo egitasmoa ere, eta maiatzean indartu egingo da. Izan ere, 18 urte betetzen dituzten herritarrei gutun bat bidaliko baitiete udalek, gidabaimenak euskaraz ateratzeak dituen abantailen berri emanaz. Gazte askok udako oporraldia aprobetxatzen dute gidabaimena ateratzeko; "ikasketak euskaraz egin dituzten gazteak dira, eta ezinbestekoa da helduarorako urrats garrantzitsu eta erakargarri hori euskaraz eman ahal izatea".