Euriari aurre eginez, hainbat herritar bildu dira udaletxe berriko arkupeetan Pentsiodunen eta Erretiratuen Koordinakundeak astero egiten duen saiora. Gaur irakurri den idatzian emakumeei eman diete ahotsa, txirotasunak emakume aurpegia baitu.
Hauteskundeetan agindutako KPIaren igoera bertan behera uztea salatu dute. Hitzemandako neurri horrek gehien eta gutxien kobratzen dutenen arteko arrakala eta gizonezko eta emakumeen arteko genero arrakala, emakumeek gizonek baino %37 gutxiago kobratzen dute, deuseztatzeko saiakera dela uste dute pentsionistek.
Izan ere, gobernuak onartutako %0,9ko igoera ez baita nahikoa eguneroko gastuei aurre egiteko. "1.100 euroko pentsioa dutenentzat hilean 10 euroko igoera izango da, baina pentsio kontributiboa, alarguntasun pentsioa, zurztasun pentsioa edo baliaezintasun pentsioa dutenentzat igoera ez da 3 eurora ere iritsiko," gogoratu dute.
Pentsio baxuenak emakumeek jasotzea kasualitatea ez dela azpimarratu dute. Sistema honi emakumeek ezkutuko ekonomiako edo gaizkizkien ordaindutako lanpostuan onartzea komeni zaiola adierazi dute, "kotizaziorik gabekoak edo oso kotizazio baxukoak izaten baitira. Edo batere ordainsaririk gabe egiten dituzten zaintza lanak aintzat ez hartzea, BGParen €14,9a osatu arren".
Pentsionistek ez dute ulertzen bere burua aurrerakoi eta feministatzat duen gobernuak emakume pentsionistak aurrekoek mantendu zituzten egoera berean uztea."Ulertezina zaigo txirotasun-atalasea gainditu eta gizarte-bazterkeria ezabatzeko behar gehien duten pentsioak berehalakoan igo beharrean, erabaki hori gizarte-eragile deitzen zaienen arteko negoziazio hipotetiko baten esku uztea".
Neurri ugari har daitezke mugimendu pentsiodunen kideen ustetan, besteak beste, bi lan erreforma eta pentsio legea indargabetzea. Baina berehalako ekintza, txirotasun atalasearen azpitik eta gizarte bazterkerian bizi diren haien beharrak asetzea izango litzatekeela argi dute.
Irakurketaren ostean, herritarrei haien bilkuretara biltzeko deiak egin eta herritarrei mikrofonoa ireki diete.
Azkenik, Miren Etxezarreta ekonomialari eta ekonomia irakasle ohiak Gipuzkoan eskainiko dituen hitzaldiei buruzko informazioa eskaini dute.