Banuen gaia, banuen diskurtso (nahiko) garatua, eta gogorik ez zitzaidan falta zutabeari heltzeko. San Valentin: jo ta bertan hil. Banuen izenburu ponposo eta aldarrikatzailea ere. Baita praktika on eta txarrei buruzko adibide sorta ere. Aitor dezadan: ia 25 urteek eman didaten esperientzia “zabala” (heterosexual eta batik bat monogamo, baina ustez feminista) baliatu nahi nuen zuei denoi harreman sexo-afektiboei buruzko lezio zenbait emateko. Baina “jo ta bertan hil”

Gaian aditua den EHUko irakasle batek eman dit lezioa, egunkarirako elkarrizketa bat proposatu diodanean: “Azken urteetan erabakita daukat ez egitea ezer San Valentin inguruan, hain justu, data hori ez indartzeko”. Akabo zutabea. Kupidorena baino gezi zorrotzagoa sabelean: “Kontua ez da, beraz, zein nolako harreman sexo-afektibo edo bikote eredu ditugun ohiko harremanetatik kanpo. Ez da hori bakarrik, behintzat. Kontua da zein nolako harreman-sarea osatzen dugun gure inguruan. Nor zaintzen dugun zeren truke, nola goxatzen ditugun bikoteez gaindiko harremanak...”, pentsatu dut nire baitarako. 

Zutabea kolokan jarri didan irakasleaz gogoratu naiz zutabeari buelta emateko. Oroitzen naiz maitasun erromantikoari buruzko klasean mahai gainean jarri zituela lagunen arteko harremanak, esaterako. Irakurleoi, galdera bat: inoiz hautsi duzue lagunen batekin? Esan diezue jeloskor zaudetela bere bikotekide berriagatik edo iruditzen zaizue laneko kideei arreta gehiago eskaintzen diela? Esan diezue faltan botatzen dituzuela? Ba al duzue espaziorik horri guztiari buruz hitz egiteko? Begiratu iezaiezue harreman sexo-afektiboez gaindiko bizitza-euskarri horiei. Zein beharrezkoak diren, eta aldi berean nola jartzen ditugun, nahi gabe, gure harremanen hierarkian maila batzuk beherago. Baita maitasun erromantikoarekin hausteaz ari garenean ere.

Hortaz, moralitateak alde batera utzita, zutabea baliatuko dut nire bizitza-euskarri zaretenoi zuzentzeko: nahiko nuke zuekin kafe eternalak hartu, elkar zaindu, etorkizuneko proiektuak eraiki. Zaindu eta goxatu. Zuentzako gaurko maitasun aitortza. Inlof zuekin.