Michelingo hitzarmena "atzerakoia eta murriztailea" dela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 13a, 13:06

Lau urtetarako hitzarmena sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek, CSI enpresa sindikatuarekin batera. "Langileen borondatea kontuan ez hartzea" leporatu diete ELA eta LAB sindikatuek.

Gogor kritikatu dute ELA eta LAB sindikatuek Michelin Lasarte lantegirako sinatutako hitzarmen berria; lau urtetarako akordioa izango da. CCOO eta UGTk adostu dituzte baldintzak, CSI enpresa sindikatuarekin batera. "Atzerakoia eta kaskarra" dela dio ELAk. "Ehunka milioi irabazten dituen enpresa batean baldintza atzerakoiak sinatu dira". LABek salatu du prekarietateari eusten diola hitzarmenak, eta areagotu egiten dituela murrizketak. LABi "onartezina" iruditzen zaio 2019rako soldata igoerarik ez jasotzea, eta 5x8 sistemarako lanaldia luzatzea. "Datozen hiru urteetan igoerak %1,25 eta %1,50ekoak izango dira, eta ez zaizkie aplikatuko soldata osoei; gainsariek ez dute igoerarik izango", adierazi du ELAk.

Bi sindikatuek azpimarratu dute langileen borondatea kontuan hartu gabe sinatu dela Michelin Lasarte lantegirako hitzarmena. Era berean, adierazi dute borrokan jarraituko dutela, beharginen lan-baldintzak hobetzen jarraitzeko.