Otsailaren 8an eta 9an, Gipuzkoako absolutu mailako txapelketa lehiatu zen, Antonio Elorza belodromoan.
Txapelketa honetan Ostadarreko kirolarien artean Naroa Furundarena eta Maider Rekondo nabarmendu ziren.
Furundarenak bi urrezko domina eskuratu zituen luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean.
Bi probatan lehen jauzian jarri zen sailkapen buruan eta jauzi hirukoitzean, batez ere, haren aurkariek ezin izan zuten ezer egin, 12 metroko langa gainditu baitzuen lehenengoan, 12,29 m.
Marka horrek gainera, sari bikoitza eman zion. Maila absolutuko Espainiako txapelketarako sailkapena ere eskuratu zuen eta.
"Pozarren gaude Naroaren garapenarekin. Maila nabarmen batera iritsi da. Izan ere, txapelketa honetan Espainiako hamabi atleta onenak parte hartzen baitute," azpimarratu du Ostadar SKTko Oskar Goikoetxea prestatzaileak.
Era berean, Maider Rekondo pisu jaurtiketan 12,36 metrora iritsi zen. Nahiz eta txapelketa ederra egin, jaurtiketa gehienak 12 metrotik gorakoak izan, aurkari gogorra aurkitu zuen lasarteoriatarrak, Tolosa taldeko Maria Felisa Okomo. Okomok lehen jaurtiketatik erakutsi zuen bere nagusitasuna 12 metroko langa aise gaindituz eta 13,06 metroko marka eginez irabazi zuen txapelketa. Rekondok, beraz, bigarren postuko zilarrezko domina eraman zuen etxera..
Abiadurako probetako podiumetan ere izan zen beste herritarrik. Eneritz Busto Atletico San Sebastian taldeko atletak zilarrezko postua lortu zuen 60 m. hesi proban eta Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz gazteak, aldiz, hirugarren postua egin zuen 60 m. lasterketan.
Gazte mailak
Txapelketaz kanpo, Naroa Elvira kadeteak 300 metroko lasterketa lehiatu zuen eta bigarren postua eskuratu zuen. Aste honetan izango duen proba prestatzeko aukera ederra izan zen.
Izan ere, Gazte mailako Gipuzkoako txapelketako bigarren jardunaldia lehiatuko dute Ostadar SKTko atleta ugarik eta lehen jardunaldian lortutako emaitzak berdintzea espero dute.
Lehen jardunaldian, otsailaren 1ean, talde urdin-beltzeko hainbat gaztetxo izan ziren dominen lehian eta askok garaikurren bat izan zuten euren esku artean.
Enara Gonzalezek 20 urtez azpiko luzera jauziko txapela eskuratu zuen. 5,35 metroko jauzia egin behar izan zuen garaipena erdiesteko eta marka horri esker, martxoan Sabadellen jokatuko den Espainiako txapelketarako gutxienekoa egin zuen.
Naroa Furundarenak maila bereko pisu jaurtiketa txapeldun berria da, 8,91 m. 60 metro lasterketako finalean ere izan zen Furundarena eta laugarren postuan amaitu zuen proba, 8,18 sg.
Urrezko domina ere eskuratu zuen Leire Centenok 18 urtez azpiko 1.500 m. proban.
Naroa Elvirak bi domina eraman zituen etxera 16 urtez azpiko mailan. 60 m. proban txapeldunorde izan zen eta brontzezko postua lortu zuen luzera jauzian.
60 m. probako podiumean Irati Valdivia ere izan zen. Hirugarren mailan izan zen gaztea.
Finaletan lehiatu ziren beste atletak Maider Abete, Uxue Centeno eta Irati Iglesias izan ziren. Abete seigarren izan zen 20 urtez azpiko 60 m. lasterketan. 16 urtez azpiko pisu proban, berriz, Centeno zazpigarren izan zen eta Iglesias zortzigarren.
Pistaz gaindiko helburuak
Oskar Goikoetxea entrenatzailea pozik dago atletek txapelketetan erakusten duten mailarekin. "Guztiak oso ongi ari dira entrenatzen eta emaitzak dira horren erakusle," adierazi du.
Pista estaliko denboraldiko txapelketa garrantzitsuenak jokatuko dira hilabete hauetan eta emaitza ederrak lortuko dituztela uste du talde urdin-beltzeko prestatzaileak.
Dagoeneko Espainiako txapelketetarako hiru gutxieneko dituzte. Naroa Furundarenak jauzi hirukoitzean lortu ditu bi, absolutu mailakoa eta 20 urtez azpikoa eta hirugarrena, arestian aipatutako, Enara Gonzalezen luzera jauziko marka da. Baina hurrengo txapelketetan beste markaren bat lortzeko aukerak dituzte Ostadar SKTko atletek.
Emaitzak emaitza atletismoko saileko helburuak pistaz gaindikoak dira. Oskar Goikoetxeak azpimarratzen duenez, balioak landu eta atleten kirol helburu eta helburu pertsonalak gauzatzen laguntzea dira. "Atletismo sailak betiko helburuak ditu. Errespetua, berdintasuna, esfortzua... erakusten diegu gure atletei eta pertsona bezala ere garatzen laguntzen diegu".