Euskal Inauteriek kolorez eta tradizioz beteko dute Lasarte-Oria larunbat honetan, hilak 15. Festa ekintzak arratsaldean egingo dituzte, 16:30ean hasita. Zubietan egingo dute hasierako ekitaldia. Ondoren, kalejiran, herrirantz abiatuko dira, koloretako zakuak eta lastozko txapelak buruan, txantxoz jantzita. Ikastaro pare bat egin dituzte azken egunetan Lasarte-Orian, Ione Artolaren eskutik. Txantxo jantziak nola egin ikasi dute izena eman duten familiek. Bihar jantziko dituzte.
Ttakun Kultur Elkarteak antolatu du egitaraua, Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin, eta hainbat eragilerekin elkarlanean: Ttirriki Ttarraka musika eskola, Kukuka antzerki eta dantza eskola, Xumela korua, Plaza dantza egitasmoa eta Zubietako Lagunak elkartea. Aurten erabaki dute arratsaldez ospatzea Euskal Inauteriak. Esan bezala, 16:30ean lehertuko da festa, Zubietan egingo duten hasierako ekitaldi koloretsuan, konpartsa eta guzti.
Txantxoak Lasarte-Oriarantz abiatuko dira gero, kalejiran. Hipodromo Etorbidean elkartuko dira herritarrekin. Bertan egongo dira zain baita ere mamoxarro bihurriak, jantzi zuriak eta maskara gorriak soinean. Txantxoek Lasarte-Oriako kaleak zeharkatu bitartean herritarrak zirikatuko dituzte pertsonaia horiek, giro onean beti ere.
Kalejiraren ibilbidea
Hipodromo Etorbidea zeharkatu eta gero, Kale Nagusian sartuko dira Euskal Inauteriak. Largoenea kaleraino joango dira, eta bertako biribilgune txikian buelta eman. San Pedro eliza parera iristean, ezkerrerantz hartuko dute, eta Okendo plazara sartuko dira. 19:00ak aldera bukatuko da kalejira, eta senidetze ekitaldia hasiko. Urteroko ituna berrituko du orduan Lasarte-Oriako herriak, Zubietatik etorritako xomorroekin. Hona hemen iaz adostu zutena: urrezko dukatuak, jakiak eta edariak xomorroentzat, baldin eta herriko uzta, abere eta biztanleak bakean uzten bazituzten. Ea aurtengo akordioa zein baldintzatan berritzen duten. Itunik egingo ez duena Kaxkamalo izango da: sutan erreko dute txantxoek, Lasarte-Oriara urtean zehar ekarri dituen gaitzengatik ordain dezan. Senidetu eta gero piztuko dute sua parte hartzaileek. Ekitaldi horrekin bukatuko dira Euskal Inauteriak.
Ondoren, festan parte hartu duten guztiek indarrak berrituko dituzte, txokolate bero eta goxoa edanez. Antolatzaileek herritar guztiak animatzen dituzte Euskal Inauterietan parte hartzera eta kaleetara irtetera, festa handi horretaz goza dezaten.