Garai bateko ahotsak eta altxorrak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko ots. 12a, 15:49

'Lasarte-Oriako ahotsak' egitasmoa aurkeztu dute Badihardugu euskara elkarteak eta udaleko Euskara batzordeak. Elkarlanean aritu dira, helburu honekin: biztanle adinekoenen euskarazko ahozko ondarea jasotzea. 2009tik 2019ra 23 herritar elkarrizketatu dituzte, azken hamarkadetan gehien aldatu diren alorretan sakonduz: ohiturak, bizimodua, lanbide zaharrak, sinesmenak eta beste hainbat. Garai bateko ahotsak eta altxorrak bildu dituzte, eta herritarren eskura jarri, gal ez daitezen.

Euskal Herriko ahotsak egitasmoa pertsona adinekoenen euskarazko ahozko ondarea jasotzen ari da 2003. urtetik. Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Elkarteak martxan jarri zuen egitasmo hori, 2003an. 362 hiri eta herritara iritsi da, baita Lasarte-Oriara ere. Udaleko Euskara batzordearekin elkarlanean, herriko 23 pertsona elkarrizketatu dituzte, hemengo hizkera jasotzeko, azken hamarkadetan gehien aldatu diren alorretan sakonduz: ohiturak, bizimodua, lanbide zaharra, sinesmenak eta beste hainbat. Bestela esanda, Lasarte-Oriako garai bateko ahotsak eta altxorrak bildu dituzte, eta herritarren eskura jarri, errealitate hori ezagutzeko, gertutik eta euskaraz. 

Euskara batzordeko buru Jon Antxordokik eta Badihardugu elkarteko kide Idoia Etxeberria eta Irati Lizeagak aurkeztu dute Lasarte-Oriako ahotsak, Antonio Mercero gunean. Txiki geratu da aretoa, protagonistez gain, familiako hainbat kide ere gerturatu direlako euren istorio eta pasadizoak entzutera. 

Eskerrak eman dizkie Antxordokik egitasmoan parte hartu duten pertsona guztiei. "Zoritxarrez, euskaldun izatea eta jokatzea zigortua izan da herri honetan. Hori ez dago ondo". Lasarte-Oriako ahotsak "oso garrantzitsua" dela uste du Euskara batzordeburuak: "Zuen kontakizunei esker, lortzen dugu garai bateko pasadizo, ohitura eta bizipenak ez galtzea, eta belaunaldi gazteek horiek ezagutzeko aukera izatea". Badihardugu Euskara Elkartearekin batera egindako lanketak fruitu ugari eman ditu, Antxordokiren hitzetan. "Urrats handi bat egin dugu Lasarte-Oriako kultura, historia, etnografia eta hizkuntzaren bilketa, kontserbazio eta hedapenean". Etxeberria eta Lizeagari eman die hitza gero, proiektuaren nondik-norakoak konta zitzaten.

Milaka testigantza

Badihardugu Euskara Elkarteak 2003an jarri zuen martxan Euskal Herriko ahotsak proiektua. "Konturatu ginen asko aldatzen ari zela euskara, galtzear zeudela hizkera eta esamolde eder asko", nabarmendu du Idoia Etxeberriak. Deba Ibarran ekin zioten elkarrizketak egiteari; orduz geroztik, Euskal Herri osora hedatu da: 362 herri eta hiri, 6.100 elkarrizketa baino gehiago eta 58.000 bideo inguru sarean, biztanleen eskura. "Auzolana da oinarria: denok egitea lan elkarrekin, jakinduria jaso eta denen eskura jarri".

Lasarte-Oriako 23 pertsonak parte hartu dute proiektuan. Ainhoa Ansa eta Miren Artetxek elkarrizketatu zituzten lehenengo herritarrak, 2009. eta 2010. urteetan; hamar, bien artean. Irati Lizeagak jaso ditu gainontzeko hamahiruen testigantzak, 2019an. "Asko gozatu dut elkarrizketekin; ezaguna nintzen zuentzat, baina pasadizo eta istorio ugari partekatu dituzue nirekin", adierazi du, hunkituta. Bere lankide Idoia Etxeberriak esplikatu duenez, ordu eta erdi ingurukoak izan dira solasaldi horiek. "Protagonisten etxeetan egin ditugu, eta udaletxean ere bai; minutuz minutu entzun ditugu elkarrizketak, eta pasarte interesgarrienak atera". 738 kontakizun igo dituzte Ahotsak proiektuaren web orrialdeko Lasarte-Oria atalera.

23 lasarteoriatar

Esan bezala, 23 herritarren testigantzak jaso dituzte Lasarte-Oriako ahotsak egitasmoan. Hauek dira: Mertxe Altuna, Maria Luisa Arsuaga, Juantxo Arteaga, Maritxu Beraetxe, Txomin eta Modesto Erauskin, Martina Iturrioz, Sebastian Kerejeta, Gabriel Nogues, Eulalia eta Rafael Ollokiegi, Manuel Ormazabal, Inaxio Otaegi, Micaela eta Bixente Sasiain, Pako Sorrondegi, Andoni Unanue, Maria Jesus Urkiola, Gabriel eta Iñaki Urruzola, Valentina Yeregi, Fortunata Zuaznabar eta Ixabel Zuaznabar. Protagonista horietako batzuk zendu dira honezkero. Gogoan hartu ditu Lizeagak: "Ez nituzke ahaztu nahi gure artean ez dauden herritarrak: Andoni Unanue, Modesto Erauskin, Manuel Ormazabal, Fortunata Zuaznabar eta Valentina Yeregi". 

Ekitaldira bertaratu diren protagonistek eta euren familiek mokadutxoa egin dute aurkezpen ekitaldia bukatu eta gero. Baita laster 100 urte beteko dituen Gabrien Noguesek ere: ezin izan du bostetarako iritsi, etxeko igogailua hondatu egin delako. Berandu, baina momentu onenean iritsi da: familia argazkia atera, eta askaria egin du. Beste pasadizo bat, etorkizunean kontatzeko.

'Lasarte-Oriako Ahotsak': txostena

Erlazionatuak