Buruntzaldea IKTko igerilariak bikain Gipuzkoako Neguko Sari eta txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 12a, 09:56
Gipuzkoako Neguko txapelketan hainbat domina lortu zituzten. Arg.: Buruntzaldea IKT

Igeriketako neguko denboraldia aurrera doa eta txapelketa garrantzitsuen garaia iritsi da. Buruntzaldea IKTko igerilariek entrenamenduei etekina ateratzeko garaia iritsi da eta emaitzak ikusita lan ederra egin zuten lehengo asteburuan

Gipuzkoako Neguko txapelketan eta Gipuzkoako Neguko Sarian lehiatu ziren Buruntzaldea IKTko igerilariak. Guztira sei urre, hamar zilar, sei zilar eta taldekako hirugarren postua eskuratu zituzten. Horrez gain, Gipuzkoako txapelketako FINA eta Multidisability taulan lehen postu bana eta Euskal Herriko txapelketako gutxieneko berri bat ere izan ziren.

Buruntzaldea IKTko zortzi igerilarik Gipuzkoako Neguko txapelketa lehiatu zuten, otsailaren 8an eta 9an, Bergaran. "Gogotsu" aritu ziren lehian eta horren erakusle lortutako emaitzak dira.

Nerea Santos eta Eneko Elizasu junior mailako Gipuzkoako txapeldun berriak dira, 1.500 m. libre proban. Txapela jantzi zuen ere Aintzane Sarobe juniorrak 50 m. libre proban. Nora Imazek, berriz, hiru urrezko domina eskuratu zituen infantil mailako 100 m., 200 m. eta 800 m. libre probetan.

Podiumeko bigarren mailan izan ziren  lau igerilari. Nerea Santos 1.500 m. libreko absolutu proban eta junior mailako, 800 m. libre proban lortu zuen balentria; Aintzane Sarobek, absolutu mailako 50 m. libre proban eta junior mailako 100 m. proban; Nora Imazek absolutu mailako 800 m. libre proban eta Unai G. Somovillak junior mailako 100 m. bular eta 100 m. bizkar probetan.

Nerea Santosek eta Unai G.. Somovillak brontzezko domina ere eskuratu zuten. Santosek absolutu mailako 800 m. libre proban eta Somovillak junior mailako 200 m. bular proban.

Sari horiez gain, Nora Imazek eta Nathalia E. Torresek FINA puntuen eta igeriketa egokituko Multidisability puntuen sariak eskuratu zituzten, hurrenez hurren. Banaka igeri egindako hiru proba onenen batura egiten da bi sailkapen horietan eta Buruntzaldea IKTko bi igerilariek lortu zuten puntu gehien.

Sariekin batera, marka pertsonal ugari hobetu zituzten eta Saioa Elolak Euskal Herriko Neguko Txapelketarako gutxienekoa lortu zuen 400 m. libre proban.

Marka honekin, bederatzi ordezkari izango ditu Buruntzaldea IKTk otsailaren 22an eta 23an Irunen jokatuko den Euskal Herriko txapelketan: Nerea Santos, Aintzane Sarobe, Nora Imaz, June Lopez, Saioa Elola, Garazi Etxeberria, Nerea Irazu, Izaro Audikana eta Nathalia E. Torres.

Txapelketa prestatzeko lanean ari dira guztiak eta Aintzane Sarobek izan ezik, beste zortziek  asteburu honetan atseden izango dute. Sarobe Gipuzkoako selekzioarekin lehiatuko da Antonio Lopez Sarian, Bartzelonan. 

Gipuzkoako Neguko XI. Sarian lehiatu ziren igerilariak domina eta garaikurrarekin. Arg.: Buruntzaldea IKT

Infantilak podiumean 

Bestalde, otsailaren 8an, gutxienekorik gabeko Gipuzkoako Neguko XI. Saria lehiatu zen, Andoainen. Gipuzkoa osoko igerilariak bildu ziren bertan eta Buruntzaldea IKTko zazpi igerilarik parte hartu zuten.

Infantil mailan izan ziren emaitzarik onenak. Garazi Irigorasek zilarra eskuratu zuen 100 m. lau estilo proban eta zilarra 100 m. bizkar proban.

Haritz Gomezek zilarra eskuratu zuen 100 m. tximeleta proban eta hirugarren geratu zen 200 m. lau estilo proban. 

Brontzezko postua eskuratu zuten Unai Barcinak eta Inge Etxezarretak ere. Etxezarretak 100 m. bular proban eta 50 m. tximeletan eta Barcinak, aldiz, 100 m. lau estilo proban.

Emaitza horiei esker gainera, taldeak hirugarren postua lortu zuen sailkapenean eta garaikurra jaso zuen Buruntzaldea IKTk.