Zinegotzi kargua hartu du Iñigo Zabaletak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko ots. 12a, 10:00

Otsaileko ohiko udalbatzarrean hartu du zinegotzi kargua Iñigo Zabaleta sozialistak (eskuinean).

Otsaileko ohiko pleno saioan bildu da udal korporazioa. Zinegotzi kargua zin egin du Iñigo Zabaleta sozialistak, Udal Gobernuan betetzeke zegoen postua hartuz. 

Gai-zerrenda luzea izanagatik, otsaileko ohiko udalbatzarrak ez du beste hilabete askokoek bezainbeste iraun: hiru ordu laurden behar izan dituzte udal korporazioko kideek mahai gainean egon diren gaiak jorratzeko. Mendebaldeko Saharari elkartasuna adieraztea, ustelkeria, ikastetxeetako matrikulazio kanpaina...eta beste hainbat. 

Kide berri bat du udal korporazioak: Iñigo Zabaleta, PSE-EE alderdikoa. Jesus Zaballosen kargu-uztea eta gero, Udal Gobernuan leku bat geratzen zen betetzeke; 2019ko maiatzeko hauteskundeetan zerrenda sozialistan bederatzigarren joan zen Zabaleta. Alkate ohiaren dimisioak eragin ditu aldaketa gehiago. Atzoko udalbatzarrean hitz egin zuten horiei buruz. Esate baterako, David Mateos Zerbitzuetako zinegotzia sartuko da orain Gobernu Batzar Lokalean, Zaballosen ordez. Zenbait organutan –Añarbe, San Markos, Beterri eta Beterri-Buruntza garapen agentzia– udalak duen ordezkaritzan ere berrikuntzak egongo dira. PSE-EE eta EAJko kideak izango dira bokal titularrak eta ordezkoak. Alkatetzak aurkeztutako proposamenaren aurka bozkatu du EH Bilduk. "Udal hauteskundeetan gure herrian izandako emaitzak ez dira islatu izendapenetan". 

Udalbatzarrak onartu ditu batzorde informatiboen erregimena eta lehendakaritzetan izandako aldaketak. Agustin Valdiviak Ogasuna ere hartuko du bere gain, Hirigintzaz gain. Ohiko udalbatzarrak egunez aldatzeari buruz ere jardun dira. Alkatetzak proposatu du hilabete bakoitzeko ostegunetan egitea, baina alderdi guztiekin aurrez adostu gabe –EH Bilduk kritikatu du hori–. Bozkatu ordez, korporazioak erabaki du ostiraleko ezohiko saioan lantzea gaia.

Ustelkeria, matrikulazio kanpaina, Sahara...

Oposizioko alderdiek zenbait gai eraman dituzte udalbatzarrera, mozio bidez. EH Bilduk aurkeztu du horietako bat, "ustelkeriaren aurkako tresna instituzional independenteak" sortu eta martxan jartzearen ingurukoa. Ez da aurrera atera, seik bozkatu dutelako alde eta 11k aurka. Mozio alternatibo bat aurkeztu dute sozialistek eta jeltzaleek. "Iruditzen zaigu gure proposamena txukunagoa eta osatuagoa dela; alderdi politiko guztioi interesatzen zaigu ustelkeriaren aurka borrokatzea", adierazi du EAJko bozeramaile Jon Antxordokik. Mozio horren alde egin dute alderdi guztiek, EH Bilduk izan ezik. Abstenitu egin da: "Esan daiteke ados gaudela proposatzen dituzuen puntuekin, baina uste dugu azalekoak direla; zehatzagoak dira guk proposatzen ditugun neurriak", azpimarratu du Estitxu Garmendiak. Puntu hauek adostu ditu udalbatzarrak:

  • Eusko Legebiltzarrari eskatzea, besteak beste, Gardentasunerako eta Partaidetzarako Lege Proposamena eta Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzeko lege proposamena izapidetzen jarraitzeko.
  • Erakunde guztiei eskatzea ustelkeriaren eta botere abusuaren aurkako prebentzio tresnak hobetzen eta ezartzen jarraitzea.
  • Eusko Jaurlaritzari galdegitea baliabide eta material gehiagorekin horni ditzala EAEn ustelkeriaren aurka borrokan ari diren erakunde eta taldeak.

ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Puede alderdiak ikastetxeen matrikulazio kanpaina izan du hizpide. Mozio bidez, udalbatzarrari galdegin dio ikerketa bat egitea izen-emateen bilakaerari buruz, eta neurriak hartzeko hori sustatzeko, azken urteetan "progresiboki" jaisten ari delako. Sei aldeko bozka eta 11 aurkakorekin, bertan behera geratu da. EAJk eta PSE-EEk leporatu diote kontuan ez hartzea jaiotze-tasa ere asko jaitsi dela, eta horrek "eragin handia" duela matrikulazioen jaitsieran.

Azkenik, aho batez onartu du udalbatzarrak Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazteko proposamena, Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Saharakoekin Bat elkartearen eskaera onartuz. Besteak beste, onartu dute herrialde horretako bandera udaletxean jartzea otsailaren 27an, ostegunez. Egun horretan beteko dira 44 urte SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zenetik. Horrez gain, korporazioak bat egin du egun horretan bertan egingo duten manifestazioarekin, Okendon, 19:00etan. 

Galdera eta erreguak

Laburra izan da galdera eta erreguen txanda. EAJko zinegotzi Boris Nogalesek jakinarazi du auto bat Hipodromo Etorbidean dagoela aparkatuta, gurpilik gabe, eta hainbat haur jostatzen direla ibilgailuaren inguruan, ikastetxera joateko autobus geltokitik gertu. Udal Gobernuari galdetu dio ea asmorik dagoen auto hori erretiratzeko, hilabete bat baino gehiago daramalako toki berean geldirik.

Lourdes Acevedo sozialistak erantzun dio. Adierazi du kasu berezietan egiten dena honako hau dela: pegatina bat jarri autoari, argazkiak atera, eta autoak desegiteko enpresak eraman. Konpromisoa hartu du udaltzain buruarekin eta idazkariarekin hitz egiteko, zer egin erabakitzeko.

Erlazionatuak

Otsaileko ohiko udalbatzarra

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020 ots 12 Politika