LOKEko gimnastek lehen postuetan hasi dute denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 11a, 10:00

Alexia Barquin infantilak uztaiarekin egindako lanari esker lehen postua eskuratu zuen. Arg.: LOKE gimnastika

Irailean hasi ziren lanean LOKEko gimnastak. Bost hilabeteko  prestaketen ostean, otsaileko lehen asteburuan eman diote hasiera txapelketa. Gimnastetako askok maila igoera izan dute eta  ederki erantzun diote lehen hitzorduari, Eskolarteko A mailako eta amateur mailako lehen fasea. Bergarako Labegaraietan kiroldegian LOKEko gimnastek haien balioa erakutsi eta lehen postuetan izan ziren. Pozarren daude LOKEko entrenatzaileak

Denboraldi ederra izan zuten iaz LOKEko gimnastek. Maila ezberdinetan,Gipuzkoako txapelketan lehen postuetan izan ziren bakarkako lanean lehiatzen diren hainbat gimnasta. Hori dela eta, aurten A mailan lehiatzen dira, Maite Rueda entrenatzaileak azaldu duenez. "Senior mailan eta alebin A mailan izan genituen iaz gimnastak lehian. Aurten, aldiz, kadete eta infantil mailan ere izango dira. Lehen aldia da A mailan hainbeste gimnasta ditugunak".

Horregatik irailetik lanean gogor egon direla azpimarratu du Ruedak. "Entrenamendu orduak gehitu ditugu mailari moldatu ahal izateko"
LOKEko gimnasten lehen proba otsailaren 1an, Eskolarteko A mailako eta amateur mailako lehen fasea izan da. Mailari neurria hartzeko balio behar bazuen ere, ez ziren gaizki jardun eta emaitza paregabeak izan zituzten.

Amateur lehiaketari dagokionez, senior A mailan, LOKEko bi gimnasten arteko lehia izan zen lehen postua eskuratzeko. Azkenean, Aizpea Arroyo gailendu zen eta lehen postua bereganatu zuen; Garazi Gomez, aldiz, bigarren izan zen. 

Maila horretako B lehiaketan ere, izan zen LOKEko gimnastarik lehen postuetan, Jaione Martos. Hirugarren postua eskuratu zuen.

Seigarren postuan amaitu zuen lehia Paula Martinez jubenilak, B mailan.

Lau gimnasta horiek pilota lana egin zuten denboraldiko lehen saioan. 

Maitane Arroyok hirugarren postua eskuratu zuen uztai lanarekin, kadete A mailan.

Tresna berarekin, lehen postua eskuratu zuen Alexia Barquinek eskolarteko infantil A mailan.

Eneritz Diaz de Gereñuk ere lehen postuan amaitu zuen alebin A mailako eskolarteko lehia, esku hutsik egindako lanaren ostean.

Senior talderik ez

LOKEko bi taldek ere parte hartu zuten jubenil eta kadete B mailan.Lehenak uztai eta borra lana egin zuen eta lehen fasea seigarren postuan amaitu zuen.

Kadete taldea, berriz, uztai eta pilotekin lehiatu zen eta bosgarren postua lortu zuten.

Emaitza hauetaz guztiaz gain, Aizpea Arroyo seniorrak Tolosako taldearekin taldekako A mailako lehen postua ere eskuratu zuen.

Ruedak azaldu duenez, "ikasketak direla eta, aurten ez da senior mailako talderik LOKEn. Tolosako lagunek Arroyo eurekin lehiatzeko eskaera egin ziguten eta eurekin egingo ditu taldekako txapelketak". 

Aizpea Arroyok bakarka LOKErekin lehiatuko da eta taldeka Tolosarekin. Arg.: LOKE gimnastika

Emaitza hauek lortu ostean, hurrengo hilabetean jokatuko den bigarren faserako buru belarri lanean ari dira gimnasta eta entrenatzaileak. Lehen postuetan sailkatuz gero, Gipuzkoako txapelketetan lehiatuko lirateke eta. Hori da Maite Ruedaren hitzetan helburua, "amateur mailako banakako, zein taldeko Gipuzkoako txapelketan egotea espero dugu". 

Baina lehenik LOKEko Eskolarteko B mailako gimnastek emango diote hasiera haien denboraldiari. Igandean, otsailaren 16an, Donostiako Carmelo Balda kiroldegian jardungo dira Lasarte-Oriako  gimnastak. 

Alebin B mailan Landaberri taldeak esku hutsik eta pilotekin parte hartuko du. Infantil B mailako LOKE-Oriarte taldeak uztaiekin egingo du lan.

Bakarka Maitane Sarmiento alebina eta Aitana Molano infantila izango dira, esku hutsik eta uztaiarekin lanean, hurrenez hurren.