Pentsioak arriskutsuak direla gezurtatzen

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 10a, 17:26

Lasarte-Oriako pentsiodunak Okendo plazan elkartu dira gaur goizean, astelehenero bezala, euren aldarrikapenekin jarraitzeko. 

Christine Lagardek adierazpen batzuk egin zituen NDF Nazioarteko Diru Funtseko lehendakaria zenean –Europako Banku Zentraleko agintaria da gaur egun–. Esan zuen "arriskutsuak" direla pentsioak, jubilatuak "gehiegi" bizi direlako, eta "arriskuan" jartzen duelako horrek mundu mailako ekonomia. Lasarte-Oriako Pentsionisten Koordinakundeak adierazpen horiek gezurtatu ditu gaur goizean Okendon egin duen agerraldian. "Ez da egia pentsiodunak oztopo bat garela ekonomiarentzat". Dozenaka pentsionista elkartu dira gaur, astelehenero bezala, euren aldarrikapenak lau haizetara zabaltzen jarraitzeko.

Adibide ugari jarri dituzte koordinakundeko kideek Lagardek esandakoa ezbaian jartzeko: nabarmendu dute pentsiodunek laguntzen dutela ekonomiaren zikloan eta lanpostuak sortzen, euren eguneroko kontsumoaren bitartez; lan-bizitza "luze" baten ondoren "ordaindu duten zatia" ere ekarpen bat dela adierazi dute. 

Aberastasunaren banaketa

Koordinakundeko kidek esan dute finantza-botere handiek landutako txosten "kontaezinetan" honako neurriak proposatzen dituztela: erretiro adina igotzea, pentsioak murriztea eta erretiro plan pribatuetara jotzea. "Txosten horiek ez dute esaten beharrezkoa dela aberastasuna modu bidezkoago batean banatzea". Aberastasuna "egokiro" banatuta egongo balitz, herriko pentsionistek uste dute "nahikoa baliabide" egongo liratekeela pertsona guztien bizitza duina izateko, jubilatuena barne.

Agerraldia amaitu aurretik, pentsionistek ekonomiari eta gizarteari egiten dioten ekarpena azpimarratu dute berriro ere koordinakundeko kideek.