Lastozko txapela eta zaku koloredunak janzteko atzera kontuan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko otsailaren 7a

Euskal Inauteriak Lasarte-Oria hartuko du datorren larunbatean. Txantxo jantzia prestatzen arituko dira herritarrak datorren asteazkenean. Egitarau zabala osatu du Ttakun Kultur Elkarteak otsailaren 15erako

Ate joka daude aurtengo Euskal Inauteriak. Kolorez jantziko da Lasarte-Oria datorren asteko larunbatean, eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako egitarauaz gozatzeko aitzakia bat baino gehiago izango dituzte herritarrek euskal mozorroak jantzi eta kalera ateratzeko. 

Goizeko deskantsuaren ostean, arratsaldean lehertuko da festa giroa. 16:30ean, Zubietan ekitaldia egingo dute. Horren ostean, kalejiran abiatuko dira Lasarte-Oriara, eta Hipodromoko zubian elkartuko dira lasarteoriatarrekin. Horrela, guztiak elkarrekin dantzan eta kantuan ibiliko dira herriko kaleetan barrena. 

Hipodromo etorbidetik Tajamarreko biribilgunera joango dira lehenik, eta, handik, Kale Nagusira. Ondoren, Arkupeko biribilgunera iritsiko dira dantzan, eta, handik, Okendo plazara joango dira desfilea bertan amaitzeko. 

Senidetzea Okendo plazan
Kalejiraren ostean, Okendo plazan egingo dute senidetze ekitaldia. Lasarte-Oriak ateak zabalduko dizkie Txantxoei; urteroko ituna berresteko elkartuko da herria horiekin. Urte berria "oparoa" izateko itunean hitzartutako lehengaiak eskainiko dizkie herriak Txantxoei, baina haiek, ordainetan, herriaren uzta, abereak eta herritarrak errespetatuko dituztela zin egin beharko dute. Halare, iragan urtean Kaxkamalok Lasarte-Orian zabaldutako gaitzak ez dizkiote barkatuko, eta sutan erreko dute.

Txantxo jantzia, prestaketak
Euskal Inauterietan parte hartu nahi duten herritar gazteentzako Txantxo tailerra antolatu du Ttakunek.  Datorren asteazkenean izango da zakuak eta lastozko txapelak koloretako zintekin apaintzeko aukera. 17:30etik 19:00tara. Anbulatorioko bigarren solairuan izango dira saioak, eta lastozko txanoa eta oihalak eramatea ezinbestekoa dela jakinarazi dute antolatzaileek.