"Martxoaren 3an martxan jarriko dute erraustegia. Argi adierazi nahi dugu ez dugula etsiko eta borrokan jarraituko dugula". Ernai Gazte Antolakundeak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo arratsaldean, Askatasunaren plazan, iragartzeko ekintzak antolatu dituela azpiegitura horren aurka protesta egiteko. Otsailaren 27an, ostegunarekin, gazte mobilizazioak egingo ditu Donostian eta Lasarte-Orian, 12:00etan eta 19:00etan hasita, hurrenez hurren. Herriko manifestazioa Okendo plazatik abiatuko da.
Horrez gain, Ernaik jakinarazi du bat egin duela Larreko Mahaiak osatzen duten eragileek otsailaren 29rako antolatu duen manifestazioarekin. Donostian egingo dute, 17:00etatik aurrera. Easo plazan hasiko da.
"Ez dugu etsiko"
Ernaik nabarmendu du ez duela etsiko erraustegiaren aurkako borrokan. "Ez dugu onartzen gure lurrarekin eta osasunarekin jolastea". Gazte antolakundearen iritziz, "sistema kapitalista heteropatriarkalaren ikono bat gehiago" da erraustegia, "gutxi batzuen interes ekonomikoa herritarren bizitzaren gainetik" jartzen duena.
Larrialdi klimatikoa ere izan du hizpide Ernaik. "Are ulergaitzagoa da, gaur egungo testuinguruan, gisa horretako proiektu bat martxan jartzea". Horren aurrean, gazte antolakundeak uste du "beste bizimodu baten aldeko apustua" egin behar dela, eta "alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestiak eraikitzeari utzi".
Agerraldia bukatu aurretik, herritarrei dei egin zien mobilizazio horietan parte hartzeko: "Ustelen legea errautsa eta kea besterik ez delako, gu bizitzak erdigunean jartzera gatoz. Euskal gazteria aurrera!".