Debuta eta garaipena

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 7a, 10:31
Kadeteek ezin hobeto ekin diote Euskal Ligari. Argazkia: Ostadar Saskibaloia.

Ostadar SKTk irabaziz debutatu du Euskal Ligan, kadete mailan. Goierri Oxylorrekin neurtu ditu indarrak Maialen Chourraut kiroldegian: 56-42 irabazi dute urdin-beltzek.

Kadete mailako Euskal Ligara igotzearekin nahikoa ez, eta balentriaz balentria jarraitzen du Ostadar SKTk. Debuteko partida, urduritasuna tarteko askotan kontrako eztarritik joaten dena, nagusitasunez irabazi zuten urdin-beltzek, pasa den asteburuan, Maialen Chourraut kiroldegian: 56-42 garaitu zuten Goierri Oxylor.

Lasarteoriatarrek su txikian egosi zuten partida: laurdenez laurden puntu-aldea handitzen. Lehenengoan alde polita lortu zuten, sei puntukoa, ia beste hiruak batuta lortu zutena bezainbeste: 14-8, 11-10, 14-10 eta 17-14. Aipagarria izan zen Rojoren lana: 25 puntu saskiratu zituen larunbateko neurketan. Larunbat honetan jokatuko du Ostadarrek bigarren norgehiagoka, Gasteizko San Viator taldearen aurka,  17:00etan, euren kantxan. 

Uzta oparoa jaso zuten gainontzeko taldeek pasa den asteburuan. Irabazi egin zuten gehienek. Emaitzak hauek izan ziren: Atletico San Sebastian 51-54 Ostadar SKT (Senior probintziala, 1. maila); Ostadar SKT 48-78 Mondragon Unibertsitatea (Seniorren 3. maila); Ostadar SKT 57-52 Bera-Bera Albistur (Junior errendimendua); Santo Tomas Lizeoa 58-59 Ostadar SKT (Kadeteak, parte-hartzea); Bera Bera Urgul 41-39 Ostadar SKT (Infantil Haundi, parte-hartzea); Bergara Soraluze 28-60 Ostadar SKT (Infantil txikiak, parte-hartzea).