Felix Manso xake jokalaria: "Arerioek jartzen dizkidaten oztopoak gainditzea gustatzen zait"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko otsailaren 7a

Felix Manso herritarra (ezkerrean), Gipuzkoako Txapelketa irabazi berritan. Argazkia: Felix Manso.

Afizioa baino, pasioa. Hori da xakea Felix Manso lasarteoriatarrarentzat. 35 urte daramatza federatu gisa jokatzen; kirol horrekiko zaletasuna, ordea, lehenagotik dator, umea zenetik. Urnietako Eguzki taldean aritzen da taldeka, eta indibidualki ere bai: Danobat-Iriondo eta Gipuzkoako Txapelketak irabazi ditu berriki.

"Xakea ikaragarri gustatzen zait. Batez ere, arerioek jartzen dizkidaten oztopoak gainditzea". Pasioz hitz egiten du xakeaz Felix Manso herritarrak: kirol hori du afizio. Ofizio ere bai zentzu batean, profesionala ez den arren, ordu asko eskaintzen dizkiolako: liburuak irakurri, xake jokalari handienen jokaldiak  erreproduzitu, Internet bidez mundu osoko jokalarien kontra jokatu... Autodidakta moduan hasi zen, txikia zela, eta, hainbat urteren buruan, aditu bihurtu da. "Gero eta gehiago jakin, orduan eta gehiago gozatzen duzu". Hamasei urte zituela federatu zen, Andoaingo Agustin de Leiza klubean, herri horretara ikastera joan zenean, Urnietatik. 35 urte pasa dira ordutik. Besteak beste, bizitokiz ere aldatu da; Lasarte-Orian bizi da gaur egun.

Urnietako Eguzki klubean jokatzen du, Euskal Ligako taldean. "Oso zaila da mantentzea; hamarretik lau talde jaisten dira", zehaztu du Mansok. Taldeka bakarrik ez, indibidualki ere jokatzen du. Azkenaldian, maizago: "Gehiago prestatu izan ditut talde-lehiaketak orain arte, baina beti jarraitu dut bakarka jokatzen". Berriki Elgoibarko Danobat-Iriondo Txapelketa irabazi du, eta Gipuzkoakoa ere bai, beterano mailan. "Danobat-Iriondok maila gehiago du: 50 jokalari aritu ginen, lau kategoriatan". Bere ibilbide luzea errepasatu du: "Nire urte onenak, bakarka, 2000 eta 2004 artekoak izan ziren; Euskadiko hainbat txapelketa jokatu nituen, Gipuzkoakoetan postu altuetan geratu... afizionatu mailan, hori bai, profesionalik ez zegoelako, baina aizu, ez da gutxi". 

ELO izeneko puntuazio sistema erabiltzen dute xakean. "Teniseko ATParekin alderatzen dut nik", dio herritarrak. Zehaztu du berak 2.056 puntu dituela gaur-gaurkoz: "Afizionatu batek, batez beste, 1.400 dauzka; Magnus Carlsenek, munduko txapeldunak, 2.880". Ez dago batere gaizki. 

Xakearen bilakaera

Mansoren iritziz, "asko" aldatzen ari da xakean jokatzeko modua. "Belaunaldi gazteek partida dinamikoagoak planteatzen dituzte; niri estilo geldoagoa gustatzen zait, estrategikoagoa". Anatoli Karpov errusiarra da Mansoren erreferenteetako bat: "Aurkariak pixkanaka itotze hori oso gogoko dut". Aipatu ditu jokalari gehiago. Esate baterako, Garry Kasparov. "Historiako onena da".

Mansok argi du: "Internet perfektua da xakearentzako". Adibide bat jarri du: "Lehen, 100 partida jokatzeko, bi urte inguru behar zenituen; orain, askoz azkarragoa da dena". Horrez gain, aukera ematen dio mundu osoko  arerioen aurka jokatzeko, ikasteko, jokaldiak errepasatzeko... Hori bai, desabantailak ere baditu: "Ordenagailuak esaten dizu zein den jokaldi egokiena, baina ez zergatik". Xakea irakatsi izan du Mansok, Urnietan. "Gogoratzen dut, jubenil mailan, liga irabazi genuela". Posible ikusten du irakasten hastea Lasarte-Orian ere. "Irakasle dinamika berriro hartu beharko nuke, trebatu, baina aizu, zergatik ez?".