'Erik eta Win': harremanei buruz hausnartzeko ikuskizuna

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko ots. 7a, 10:34
Atxega eta Muñoa (ezkerretik hasita lehena eta hirugarrena, goian), 'Erik eta Win' ikuskizunaren aurkezpen prentsaurrekoan. Argazkia: Buhameak.

Egun berezia da gaurkoa Buhameak taldekoentzat: 'Erik eta Win' ikuskizuna estreinatuko dute, 20:00etan, Donostiako Lugaritz kulturgunean. Oholtzara igoko diren lau kideetatik bi herritarrak dira: Unai Muñoa eta Aitor Atxega musikaria. Hainbat diziplina artistiko uztartuz, ikus-entzuleek hausnartzea bilatzen dute.

Erik eta Win izena du Buhameak taldearen ikuskizun berriak. Gaur estreinatuko dute, hilak 7, Donostiako Lugaritz kulturgunean, 20:00etan. Lau kide igoko dira oholtza gainera: Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariak, eta Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariak. Lasarteoriatarrak dira Muñoa eta Atxega. Ez dira aurrenekoz ariko elkarrekin oholtza gainean: Ez gara Palestinaz ari estreinatu zuten 2013an; Euskal Herrian zehar hara eta hona ibili ziren, lau urtez.   

Egileek aurreratzen dutenez, Erik eta Win ez da "bigarren zati edo jarraipen bat", bi lanek ezaugarri komunak dituzten arren.  Oraingo honetan ere, Lizarralde eta Muñoa bertsolariek egoera intimoak partekatuko dituzte ikus-entzuleekin, haiengan "zenbait galdera ikur" sortzeko asmoz. Aztertuko dutena, ordea, desberdina izango da: bakoitzaren errealitate propioa aztertu eta azaldu ordez, bien arteko harremana hartuko dute haritzat. Norbera beste pertsona batekin harremantzen denean sortzen diren botere harremanak, batak bestearekiko dituen interesak, inbidiak, maitasun keinuak... "Ander Lizarralde eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar; harreman oso estua egin dugu, konfiantzazkoa; gatazkak eta erlazio horren bilakaera jorratuko ditugu", azaldu du Muñoak. Euren burua aztertuko dute baita ere gizon bezala: euren artean nola harremantzen diren, eta baita emakumeekin nola erlazionatzen diren egunerokoan.

'Erik eta Win': sortze prozesua

"Duela hiru urte otu zitzaigun ikuskizun berri bat egiteko ideia", dio Muñoak. Azaldu du nondik datorren izena: "Erik eta Win bi errefuxiatu dira: aldiro-aldiro, ihes egin behar zuten leku batetik bestera; identitate desberdin bat jartzen zieten toki berri batera iristean. Horietako batean, holandar izatea egokitu zitzaien, eta hor hartu zituzten bi izenak". Bertsolariak istorioa kontatzen jarraitu du: "Hainbeste identitate desberdinekin, azkenean ahaztu egin zuten biek nor zen Erik eta nor zen Win. Horrek erakusten du, batzuetan, beste norbaitekin harremantzean, asko sartzen garela gu bestearen bizitzan, edo alderantziz, eta galdu egiten dugula nortasuna".

Estreinaldirako bi egun falta direla, eszenatokira igotzeko gogoa eta emozioa sentitzen ditu Muñoak, batez ere. "Gogoan dut Ez gara Palestinaz ari estreinatu aurretik askoz urduriago nengoela: nola hartuko gintuzten ikus-entzuleek, epaituak izateko beldurra, eszenak, mundu berri batean murgiltzea... Beti daukazu kezka puntu bat, baina fase hori gaindituta dagoela uste dut". Buhameak taldearen lehen ikuskizunak, Ez gara Palestinaz ari-k, harrera oso ona izan zuen, eta makina bat emanaldi egin zituzten. "Uste dugu lan berri honek ere sortuko duela ikusmina, eta hainbat aretok ateak irekiko dizkigutela berriz; dena den, ez gaitu kezkatzen, ez gara horretaz bizi. Asko gozatu dugu sortze prozesuan. Esku artean obra on bat daukagulakoan nago".

Arestian esan bezala, hainbat pertsonak parte hartzen dute Erik eta Win ikuskizunean. Buhameak taldeko lau kideez gain, oraingo honetan zuzendari artistiko batengana jo dute, Asier Sotarengana, sortze prozesuan parte hartzeko eta lana zuzentzeko. "Ez gara Palestinaz ari-ren eszenak solteak ziren; batetik bestera egiten genuen jauzi. Oraingo honetan, istorioa ongi josia dago; Asierrek asko lagundu digu". 

Hainbat diziplina artistiko jorratuko dituzte lan berrian: antzerkia, musika, kantua, bertsoak eta poesia. Zenbait unetan sakon, eta zati gehienetan umoretsu. Ordubete baino zerbait gehiago iraungo du, eta "oso dinamikoa" izango da, Muñoak aurreratu duenez. "Inprobisazio saio asko egin ditugu Lizarraldek eta biok, eta hortik sortu gidoia; oso neurtuta daukagu dena, baina bat-batekotasun hori da oinarria".  Imanol Kamio piano eta akordeoi-joleak eta Aitor Atxega gitarristak musikatuko dute emanaldia. "Familia txiki bat gara; oso ongi aritzen gara elkarrekin lanean", dio Muñoak. Jakinarazi du, aurreko ikuskizunean ez bezala, antzerki zatietan parte hartuko dutela biek. "Integratuago egongo dira". Ekarpen "oso interesgarriak" egin dituzte musikalki: "Oso abilak dira melodiak sortzen; bertso doinu guztiak berriak izango dira, eta hain ezagunak ez diren doinu batzuk sartuko ditugu: buleria eta bolero bana, adibidez".