Lagunartea, gazteria, aniztasuna, autogestioa, bizimodu alternatiboa… gauza ugari datozkigu burura “okupazio” hitza entzutean

80. hamarkadan egoera sozio-ekonomikoa zulo ilun batean murgildurik, etsipena zen nagusi gazteen artean, ezinegon handia bizi zen, eta aldarrikapenerako iturri bilakatu ziren gaztetxeak. Non-nahi okupatu ziren etxebizitza, lokal, baserri, apeadero, guardetxe eta nola-halako eraikinak; Hierarkiatik at bizi nahi zuten gazteak, antimilitarista, feminista, langabetu… oro har, gazte mugimenduak biltzen zituen.  

Bi belaunaldi geroago, gaur egun alegia, gazteen egoera ez da askoz hobea. 80. hamarkadan gaztetxeek izugarrizko loraldia izan bazuten ere, gaurdaino iraun duen udaberria dela esango nuke. Aipatu besterik ez dago azken urteotan Kukutza eta Maravillas gaztetxeen desokupazio eta eraisketek izan duten oihartzuna. Biek ala biek gizartean izan duten onarpena eta auzotarren babesari muzin eginez, erabaki politikoek indarkeriaz suntsitu zituzten. 

Baina bada okupaziora eramaten duen beste behar bat, egungo lan eta etxebizitza prekarietatearen isla; Alokairuko etxe gutxi, pisu garestiak, lan baldintza kaskarrak… Etxebizitza bat edukitzea eskubide bat den arren, dirutza bat ordaintzea bizitza sistemari saltzea da. Egoera honen aurrean,  alternatiba, oraindik ere,  batzuentzat, etxe huts bat okupatzea da. 

Baina okupazioak eta desokupazioak daude, batzuen mesederako eta besteen kalterako. Ezin aipatu gabe utzi Pasai Antxon gertatu berri dena. Kasu honetan erabaki politiko batek ez, auzokideen presioak aterarazi ditu okupak etxe hutsetik, nagusien mesederako.

Okupazioak okupazio, oraindik ere bizirik eta alternatiba dirudien mugimendua da.