Kategoriaz aldatu da Buruntzaldea IKTko igerilari Nahia Zudaire. Infantil, kadete edo junior izan, ordea, berdin jarraitzen du: podiumeko koska gorenera igotzen. Urtarrileko azken asteburuan Madrilen lehiatu zen, Euskadiko selekzioarekin, Igeriketa Egokituko Espainiako Txapelketan. Lau proba jokatu zituen igerilari gazteak; horietako guztien puntuak batuta, bera izan zen onena. "Marka pertsonal berririk ezartzea ez du lortu, baina denbora bikainak egin ditu", nabarmendu du Borja Apeztegia prestatzaileak.
Larunbatean 100 m. eta 400 m. libreak jokatu zituen Zudairek. Bietan egin zuen denbora onena: 05.26,25 eta 01.14,02, hurrenez hurren. Podiumera zein igo erabakitzeko proba guztietako denborak aintzat hartzen zirenez, igandeko jardunaldian postu horri eutsi behar zion igerilari gazteak. Eta baita egin ere: 100 m. tximeletan lehenengo izan zen, 01.24,28ko denbora eginez. Laugarren eta azken proban, lau estilotako 200ekoan, bigarren sailkatu zen. Kronometroa 03.13,29an geratu zuen zubietarrak. Epaileek proba guztien batura egin zutenean, argia izan zen emaitza: Zudaire izan zen txapeldun, 2.620,6 puntu zakuratuta, bigarrenak baino 400 gehiago.
Alebinak, Azpeitian
Trebatzen jarraitzen dute igerilari gazteek. Azpeitian aritu ziren pasa den igandean, maila txukuna erakutsiz. Zortzi neska-mutilek egin zuten igerian: Aitor Santos, Jurgi Sukunza, Jon Pelayo, Iker Gorostegi, Iker Gandia, Miren Sarobe, Andrea Lobato eta Alba Escribanok. Marka pertsonal ugari egin zituzten kirolari gaztetxoek