Teknologia berrietan trebatzeko ikastaroak, KZ Gunean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 6a, 15:00

Izena ematea KZ Gunean egin behar dute inoiz erabiltzaile izan ez direnek. Erabiltzaileek, ordea, web orriaren bidez  egin dezakete inskripzioa

Teknologia berrietan trebatzeko  ikastaroen eskaintza zabala egin du KZ Guneak. Martxan dira dagoeneko batzuk, baina hilabetean zehar izango da beste hainbatetan hasteko aukera. Astelehenetik ostiralera egin daiteke izen ematea, 09:00tatik 13:00etarako ordutegian. 

Aurrez aurreko formazioei dagokienez hauek dira ikastaroak:
Otsailaren 14an Musika aplikazioak zure smartphonean  saioa izango da. Gaztelaniaz izango da, arratsaldeko 16:00etatik 18:00ak arte. 17an eta 18an, berriz, Google argazkiak. Antolatu hodeiean zure argazki guztiak.  ikastaroa eskainiko dute. Hau ere 16:00etatik 18:00etara, gaztelaniaz. 

Otsailaren 17an ere beste formazio saio bat jarriko da martxan, eta 28ra arte iraungo du: Ofimatika tresnak -LibreOffice. Goizeko 11:00etatik 13:00etara izango dira saioak, eta horiek ere gaztelaniaz. 

19an eta 20an ere izango da zer ikasia. Argazkiei ukituak eman zure smartphonarekin saioan parte hartzeko aukera izango dute interesatuek. Arratsaldez izango da, 16:00etatik 18:00tara, gaztelaniaz.

Bidaiak egin nahi dituenak ere horiek antolatzeko ikastaro batean parte hartu ahal izango du; Otsailaren 24tik 26ra, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara Zure bidaia planifikatu ikastaroa eskainiko baitu KZ Guneak. Hori ere gaztelaniaz izango da.

Gaur egun, garraio publikoaren inguruko informazio asko eskuratu daiteke teknologia berrien bidez; ordutegiak, geldialdiak... Horren erabileran trebatzeko ikastaroa ere antolatu dute. Hilabete amaieran, otsailaren 27an eta 28an izango da Garraio publikoa zure smartphonean, 16:00etatik 18:00etara. 

Online ikastaroak
Aurrez aurreko saioetara joaterik ez duten herritarrek ere izango dute aukera KZ Guneko ikastaroetan parte hartzeko. Guztira lau formazioren eskaintza egin dute, baina horietatik hiru dagoeneko hasita daude. 

Laugarrena, otsailaren 24an hasiko da eta martxoaren 3ra arte iraungo du. Instagram, argazkiak atera eta partekatu zure unerik onenak izango da ikastaroa, gaztelaniaz.