Ekintzaileentzat formazioa saioak martxan, KoopFabrikan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 6a, 10:37

Ekintzailetza sozialaren eta ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko formakuntza jasoko dute ekintzaileek, KoopFabrikan. Astelehen goizean aurkeztu dute egitasmoa, Hernaniko Iturola eraikinean. Izen ematea aukera zabaldik dute oraindik interesatuek

Datozen bi hilabeteetan ekintzailetza sozialean eta ekonomia sozial eraldatzailean formazioa jasoko dute 20 proiektutako 35 bat ekintzailek, KoopFabrikan. Hernaniko Iturola eraikinean dago kokatua, eta astelehen goizean egin dute aurtengo formazioaren aurkezpen ekitaldia. Bertan izan dira Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea, Arianne Karega, KoopFabrikako koordinatzailea, Nerea Yurrebaso, Beterri-Buruntzako Udaletako kidea eta Idoia Telleria ekintzailea. Eskualdeko udalen laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren  finantziazioari esker egingo dituzte, berriz ere, formazio saio horiek. 2014. urtean antolatu zituzten lehenengoz. 

Hernaniko Udalarentzat administrazio publikotik sustatu nahi den eredu sozioekonomikoa Ekonomia Sozial eta eraldatzailea dela azpimarratu du Xabier Lertxundi alkateak. "Hori da herri eta lurraldeen garapena ahalik eta modu justu, jasangarri eta parekidean ematen dela bermatzen duen eredua". 

Bere hitzei batu zaie Nerea Yurrebaso, eta ekintzaileei dei egin die formazioan zehar ikasitakotik gizarteari ekarpen bat egitera. Horrekin batera, 2014. urteko lehen ediziotik gaurdaino KoopFabrikak emandako zenbait fruitu ere karri ditu gogora.

Arianne Kareagak, berriz, KoopFabrikaren izenean, eragile guztiek 2014az geroztik emandako laguntza eskertu, eta elkarlan horrekin jarraitzeko asmoa azaldu du. Gainera, Iturolako kideen prestutasuna eta laguntza ere eskertu ditu, ekintzailetza soziala eta ekonomia sozial eraldatzailea Beterri-Buruntza eskualdean sustatzeko egiten duten lanagatik. 

Azkenik, Idoia Telleria ekintaileak hartu du hitza. KoopFabrikako bere esperientziaren berri eman die Hernaniko eraikinean bildutakoei, eta bere proiektua garatzerakoan jasotako laguntza eta tresnak eskertu ditu. "Buruan nuen ideia borobiltzen eta errealitate bihurtzen lagundu zidan egitasmoak". 

Dagoeneko 20 proiektutako 35 ekintzailek eman dute izena formazio saioetan parte hartzeko, baina oraindik bada aukera datozen saioetan izena emateko. Horretarako koopfabrika.eus helbidea jarri dute interesatuen eskuragarri, eta horrez gain, informazio gehiago nahi duenak koopfabrika.eus ataria bisitatu dezake.