Texas infantila, multzoko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2020ko otsailaren 5a

Texas Lasartearra, partida bati ekin aurretik. Argazkia: Txema Valles.

Infantil mailako Texas Lasartearra, jardunaldi baten faltan, seigarren multzoko txapeldun izan da. 31 puntu pilatu dituzte txuri-urdinek, hamar partida irabazi eta bakarra berdinduta. Fasea asteburuan itxiko dute, Ostadarren aurkako derbia jokatuz.

Pasa den asteburuko jardunaldiak utzi ditu albiste aipagarriak. Esate baterako, Texas Lasartearra klubaren infantil mailako taldea 6. multzoko txapeldun izan dela, jardunaldi baten faltan. Azken jardunaldira arte ez da erabaki hori: Udarregi A taldearekin 28na puntura berdinduta zeuden herritarrak –usurbildarrek jardunaldi bat gehiago jokatu dute–. Argi zuten gauza bat: irabaziz gero, ez zuten kezkatu behar arerioek egiten zutenaz. Esan eta egin: Udarregi B-ri Michelinen 2-0 gailenduta, Texas izan da txapelduna, 31 punturekin. Hamar partida irabazi dituzte eta bakarra berdindu, bakar bat ere galdu gabe.