Ostadar SKT, kategoriaz igotzeko lehian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 5a, 12:05

Pausoz pauso, igoera postuetatik gertuago dago Ostadar SKT, Erregional Preferentean: ligaren ia bi heren jokatuta, hirugarren postuan dira urdin-beltzak, kategoriaz igotzeko postuetatik oso gertu. Bigarren sailkatuarekin neurtuko ditu indarrak asteburu honetan, Allerrurekin, Lezon.

Utopia zirudiena errealitate bihurtzen ari da. Denboraldiari ekin aurretik, zale eta aditu gutxik esango lukete Erregional Preferentea kategoriaz igotzeko lehian egongo litzatekeela ligako ia bi heren jokatu direnean. Kanpoko iritziek gutxi eragiten dute, ordea, barruan daudenek, jokalariek eta entrenatzaileek, haiengan sinesten dutenean. Ea nork esaten dien orain ez dutela aukerarik datorren denboraldian Ohorezko Mailan lehiatzeko. Hamabi partida falta dira oraindik bukatzeko, edozer gerta daiteke, baina Ostadar SKT oso ongi kokatuta dago: hirugarren postuan da, 35 punturekin. 

Koska bat gorago, 37rekin, Allerru, maila honetako talde indartsuenetako bat. Lezoarren aurka jokatuko dute urdin-beltzek asteburu honetan, larunbatean, 15:30ean, Plazetan. Irabaziz gero, aurreratu egingo lituzkete sailkapenean, eta baita goal average indibiduala irabazi ere –Michelinen bana berdindu zuten–. Datorren astean ere etxetik kanpo jokatuko dute, Sanpedrotarraren aurka. Hemendik bira ariko dira berriro etxean; Dunboa Eguzkirekin neurtuko ditu indarrak Raul Pitu Rodriguez irundarrak entrenatzen duen taldeak.

Hemezortzi partidatik, hamar irabazi

Hemezortzi neurketa jokatu ditu Ostadar SKTk orain arte. Datu batzuk: hamar partida irabazi ditu, eta bost berdindu. Bestela esanda: hiru besterik ez ditu galdu. 36 gol sartu ditu, eta hemeretzi jaso. Ligako defentsa onena da herritarrena, Allerrurenarekin batera. Ea nor gailentzen den larunbatean.

Liga bukatu artean, bost partida jokatuko ditu Ostadarrek etxean, eta zazpi kanpoan. Bereziki deigarriak izango dira 26. eta 30. jardunaldietakoak: Deusto Donostia eta Vasconiaren aurka ariko dira urdin-beltzak, etxetik kanpo. Vasconia da kategoriako liderra, 40 punturekin. Deustu, berriz, laugarren postuan da, 32 puntu bilduta. Baliteke neurketa horietan erabakitzea gauza asko; adibidez, nor igoko den, edo nor geratzen den aukerarik gabe. Ostadar gogor lehiatuko dela argi dago: oso estu hartu zituen bi talde horiek Michelinen, lehen itzuliko norgehiagoketan.