Beldurrei buruz hausnartzeko ariketa, familia osoarentzat

Txintxarri Aldizkaria 2020ko otsailaren 4a

Estreinatu berri duen antzezlana oholtzaratuko du Marie de Jongh konpainiak larunbat honetan, otsailak 8, Manuel Lekuona Kultur Etxean. 17:00etan hasiko da emanaldia.

Marie de Jongh konpainiak Ikimilikiliklik antzezlan berria ekarriko du herrira larunbat honetan, otsailak 8: Manuel Lekuona Kultur Etxean ariko dira, 17:00etatik aurrera. Orain arte, antzerki konpainia horren sormen lanak mutuak izan dira, baina oraingo honetan kontakizuna hitzen bidez egitea erabaki dute. "Istorioak hala eskatzen du". Beldurrei buruzko hausnarketa ariketa bat da Ikimilikiliklik, ikus-entzule gazte –zazpi urtetik gorakoentzat– zein helduentzat; familia osoarentzat.

Ekhi izena du protagonistak.  Aitortu duenez, txikitan "beldur izugarria" zien umea zenean, baina orain, urteen poderioz, ikuspuntua erabat aldatu du. "Nola irudikatuko nukeen ni neu, urteen joanean, sorgin bihurtuko nintzela?". Harekin batera egingo dute bidea ikus-entzuleek, antzezlanean zehar. Sarrerek 3,80 euro balio dute. Interneten salgai jarri dituzte honezkero; bestela, egunean bertan, kultur etxe kanpoko leihatilan eros daitezke.

Fitxa artistikoa

  • Egilea eta zuzendaria: Jokin Oregi.
  • Antzezleak: Ana Meabe, Aiora Sedano, Maitane Sarralde, Juana Palacios eta Leire Omeñaca.
  • Musika: Adrian Garcia de los Ojos.
  • Diseinu eszenatografikoa: Ikerne Gimenez.
  • Jantziak: Rosa Sole.
  • Kartelaren diseinua: Ane Pikaza.
  • Argazkiak: Pio Ortiz de Pinedo.