Zubietako erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratua iraungita dagoela salatu du GuraSOSek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 31a, 13:23

Agerraldia egin du GuraSOS elkarteak asteon: 'Kontuz, ama naiz' kanpaina aurkeztearekin batera, iragarri du azpiegitura hori martxan jartzeko Ingurumen Baimen Bateratua iraungita dagoela, eta GHK partzuergoak ofizialki aitortu duela ekainaren 11ean gertatutako leherketa istripua izan zela. "Proiektua geldiaraz daiteke".

"Zubietako erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratua iraungita dago; espero dugu Eusko Jaularitzaren Ingurumen Sailburuordetzak onartu egingo duela hori, datozen egunotan". GuraSOS elkarteak asteon Donostian egindako agerraldian iragarri du hori. "Proiektua geraraztea posible da, martxan jartzeko izaten ari diren zailtasun teknikoak ez ezik, prozesuan egiten ari diren irregulartasun metaketagatik ere bai". GuraSOSek azpimarratu du bide juridikoa, diplomatikoa eta mobilizatzailea uztartuko dituela horretarako. Datozen asteetan ekintza gehiagoren berri emango duela jakinarazi du.

Adibidez, Kontuz ama naiz kanpainari buruzko xehetasunak. Datozen asteetan zehaztuko du dena elkarteak. Aurreratu du erraustegia %100ean martxan jartzen denerako –martxoaren 3rako aurreikusi dute hori, asteartea– egitasmo bat dela. Donostiako Koldo Mitxelenan egindako prentsaurrekoan, beste albiste baten berri ere eman du: GHK partzuergoak GuraSOSi aitortu dio, idatzi bidez, "istripua" izan zela ekainaren 11n erraustegietako transformadore batean gertatutako leherketa. "Partzuergoko eledunek hitz egin dute horretaz, baina informazio formal ofizialik eman gabe". 

Ingurumen Baimen Bateratua, iraungita

GuraSOSek azaldu duenez, erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratua –IBB, aurrerantzean– "iraungita" dago. Afera horren kronologiaren berri eman du. Elkartearen arabera, azpiegitura horren emakidadun Ekondakin enpresak "larrialdi dei ozen eta argi bat" igorri zion GHK partzuergoari: "Eskatzen zuen probaldi fasea etetea; hori lortu ezean, egitasmoa pikutara joango litzateke". Epe hori iazko apirilaren 24an hasi zela esplikatu dute, eta zazpi hilabete eta erdiko iraupena zuela. "Abenduaren 9an amaitu behar zuen". Honako ondorioa ateratzen du GuraSOSek: "IBBa eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena iraungita daude; Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak hori horrela dela onartu beharko luke datozen egunetan".

GHK-ko ordezkariek, egoera hori "saihesteko", GuraSOSen arabera, emakidadunari "obeditu" eta probaldi-fasea etetea galdegin zion Ingurumen Sailari. Argudio batzuk zerrendatu zituen partzuergoak, urriaren 17ko ebazpenean: zehaztu zuen 2019ko ekainaren 11tik "hornidura elektrikorik gabe" zeudela errauste plantan, "transformadore nagusiaren lehen energizazio fasean gertatutako akats baten ondorioz". Elkarteak salatu du "gezurra" dela hori. "GuraSOSek bazekien arazo hori urriaren 17ko eskaria baino lehenago konpondu zela; hala aitortu zion enpresa emakidadunak irailaren 27an". Bestalde, argitu du "istripu" hori ez zela gertatu kanpoko instalazioetan, "errauste plantaren erdian kokatuta dagoen transdormadore nagusian baizik".