Martxoaren 8rako kartel lehiaketa martxan jarriko da bihartik aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 31a, 10:15
Maialen Parisen kartela da aurten M8 eguneko jarduerak iragartzeko erabileko den kartela.

Udaleko Gizarte Zerbitzuak martxoaren 8rako kartel lehiaketako oinarriak jakitera eman ditu. 120 euroko saria eskuratuko du irabazleak

Emakumeen Nazioarteko eguneko kartel lehiaketa 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzendua dago.

Nahia adina proposamen aurkeztu ahalko dira, betiere, jatorrizkoak badira eta beste lehiaketaren batean saritua ez bada izan. Kartelaren edo bere irudien jabetza intelektuala ere egilearena izan behar du. Lanak "Martxoak 8 de Marzo, Emakumeen Nazioarteko eguna, Día Internacional de las Mujeres" goiburua izan behar du eta 50x70 zm-ko tamaina.

Formatu digitalean, zein fisikoan aurkeztu ahalko dira proposamenak bihar, otsailaren 1etik 24ra. 

Formatu digitaleko artxiboak jpg eta 300 ppko bereizmena izan behar du. emakumezentroa@lasarte-oria.eus helbidera bidali behar da. Artxiboaren izena lanaren izentzat hartuko da. Egilearen datu pertsonalak eta harremanetako datuak dituen mezu bat ere bidali behar da.

Euskarri fisikoan aurkeztu nahi duenak Emakumeen Zentrora eraman behar du lana zentroko irekiera orduetan. Kartelaren izena atzean egon behar du idatzia. Horrekin batera egilearen datu pertsonalak eta harremanetako datuak dituen gutun-azala ere atxiki behar da.

Proposamen guztiak Emakumeen zentroan egongo dira ikusgai otsailaren 24tik martxoaren 4ra. Kartel irabazle epaimahai batek erabakiko du eta herritarrek euren iritzia eman ahalko dute 2. eta 3. sariak aukeratzeko. Irabazleak 120 euroko saria jasoko du, bigarren postua eskuratzen duen kartelak 90 euro eta hirugarrenak, aldiz, 60 euro.