Sendabelarrei eta haien erabilerari buruz ikasten

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 31a, 09:30

Sendabelarrez eta aromaterapiaz ikasten ari dira, Ttakunenean. Martxora bitartean ukenduak, tinturak, ilerako 
xanpua eta beste zenbait produktu egiten arituko dira

Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako sendabelar eta aromaterapia ikastaroan parte hartzen ari diren herritarrek sendabelar ezberdinak erabiliaz produktuak egiten ikasten ari dira. Urtarrilaren 17an hasi ziren saioak Ttakunenean eta martxoaren 6ra arte, Saioa Larruskainen laguntzaz sendabelarren munduan murgilduko dira teoria eta praktika tartekatuz.

Bi saiotan, esate baterako, Aingeru lora ukendua eta tinturak egiteko lehen pausoak eman dituzte. Lehenengo egunean, Aingeru lora almendra oliotan jarri zuten. 40 egunez itxaron behar dute orain, potoari bueltak emanez. Hilabete eta 10 egun horiek pasatzean, ukendua prestatuko dute. Bigarrenean, berriz, belar ezberdinak, hala nola, azeri buztana, osina, erromeroa edo fucus alga alkoholean beratzen jarri dituzte, tinturak osatzeko.