Urteko lehen hilabeteak azken hatsa emango du gaur, eta oraindik ere ez gara ohitu datan hain biribila suertatzen den zenbakia idaztera, hogei hogei. Ikasle batzuentzat Erasmusetik bueltatzeko edo joateko hilabetea, joango direnak edo etorri direnak agurtzeko besteontzat. 

Azken multzoan kokatzen dut nire burua, sei hilabeteren ondoren bueltatu baitzait lagun mina, oraingoan etxeratze agindurik gabe bueltatu da etxera. Atzean utzi du Txile, atzean gelditu da salbuespen-egoera (bi zentzutan), atzean utzi ditu iraultza eta errepresioa, miña, gorrotoa, oraindik zabaltzeke dauden zauriak eta jadanik gaiztotutakoak. 

Urruti gelditzen zaizkigun gauza horiekin enpatizatzea zaila egiten zaigu, batzuetan gertatzen ari dena ez jakitea nahiago dugulako, gertatzen ari den hori kontatu nahi ez digutelako besteetan. Telebistan, ezbeharrak, injustiziak, gerrak edo gosez hiltzen diren haurrak agertzean pantailarantz zuzentzen dugu begirada unetxo batez, baina, afaltzen jarraitzen dugu ondoren. 

Sei hilabete hauetan sarritan estutu zaigu arnasa Piñeraren gobernuak atxilotu, hildako eta zaurituen kopuruen berri izan dugunean horietakoren bat bera izango zelakoan. Gatazkak eztanda egin zuenetik informazioa biltzen ibili gara uneoro mementuan herrialdeak bizi zuen egoeraren berri jakiteko, handik eta hemendik, harri azpietan ere begiratu dugu batzuetan.

Maite ditugunei zuzenean eragiten dienean soilik uzkurtzen zaigu guztiz bihotza. Bera bueltatu da, Txilek borrokan jarraitzen du.