Prentsa-ohar bidez, Gipuzkoako PSE-EEk Lanbideko langile batek Lasarte-Orian jasandako erasoa salatu du. Urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egin duten gazte mugimenduei -Ernairi, esate baterako- "gertatutakoa salatzeko" eskatu die Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak.
Gertakari horri lotuta, Naiz atari digitalak gaur argitaratutako informazioaren arabera, Lanbidek salatu du bere langile bat erasotua izan zela Lasarte-Orian, pasa den asteko ostiralean. Euskal Enplegu Zerbitzuaren arabera, behargin horrek bajan jarraitzen du, eraso horretan gertatutakoarengatik. Sei gazte gerturatu omen ziren herriko bulegora, eta greba orokorrarekin zerikusia zuten afixak itsasten hasi. Lanbidek emandako bertsioaren arabera, Segurtasun langilea kontu eske hasi zitzaien, eta lurrera bota zuten gazteek; korrika alde egin zuten handik gero.