Martxo amaierarako harrera eta hileta zibilak ospatzeko aukera eskaintzea aurreikusten du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 28a, 17:47

Lasarte-Oriako udalbatzarrak zeremonia zibilak egiteko baldintzak eta tokiak arautzen dituen erregelamendua onartu du, urtarrileko ohiko saioan. Onespena behin betikoa izan aurretik, ordea, GAOn argitaratuko du, herritarrek alegazioak aurkez ditzaten, hala nahi badute.

Urtarrileko udalbatzarrean onartu dute korporazioko kideek herrian zeremonia zibilak egiteko baldintzak eta tokiak arautzen dituen erregelamendua. Txosten horrek zehazten du ospakizun bakoitzaren definizioa, baldintzak, egunak eta espazioak zeintzuk izango diren, eta nork eskatu ahalko dituen. 

Dokumentu horren onespena behin betikoa izan aurretik, GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du, herritarrek alegazioak aurkez ditzaten, hala nahi badute. Epe hori amaitzean, "definitiboki" onetsiko dute erregelamendua, udalak azaldu duenez. Bere aurreikuspenen arabera, orain arte egin zitezkeen ezkontza zibilez gain, harrerak eta hiletak ere ospatu ahalko dira, "martxo amaieratik aurrera". 

Udalak jakinarazi du erabaki hori hartu duela, zeremonia zibilen eskaintza handitzea alegia, etxe barruan eztabaida prozesu bat egin eta gero. "Egokitzat jo dugu jaiotzan zein heriotzan, bizitzaren funtsezko bi unetan, aukera ematea ospakizun zibilak egin ahal izateko".

Ezkontza zibilak alkateak zuzenduko du, edo, bestela, ardura hori hartu duen zinegotzi batek. Harrera zein hileten kasuan, pertsona hauek zuzendu ahalko dute: alkateak, zinegotzi batek, edo, bestela, familiako kideek proposatutako pertsona batek. Bi hilabete lehenago aurkeztu beharko dira ospakizunak egiteko proposamenak, hileten kasuan izan ezik; familiak nahi badu ekitaldi azkar edo intimo bat egin, bi egun lehenago aurkeztu beharko dute eskaera.

Tokiak eta ordutegiak 

Udalak jakinarazi du lokal hauek jarriko dituela erabilgarri ospakizun zibil horiek egiteko: Mirentxu, udalbatzar aretoa, bista-aretoa eta hilerria. Harrera zibilen kasuan, ordutegiak hauek izango dira: bista-aretoa eta Mirentxu 10:00etatik 14:00etara zabalduko dituzte, astelehenetik ostiralera –Mirentxu larunbatetan ere erabili ahalko da–.

Ezkontza zibilak bista zein pleno aretoetan eta Mirentxun ospatu ahalko dituzte herritarrek. Hiru guneak 10:00etatik 14:00etara irekiko dituzte. Lehenengoa, astegunetan soilik, eta, beste biak, larunbatetan ere bai. Hileta zibilak egitera bi areto bideratu dituzte. Mirentxu goizez eta arratsaldez egongo da zabalik astegunetan –10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara–, eta goizez soilik larunbatetan. Hilerria, aldiz, 09:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:30era astegunetan, eta, goizez soilik larunbatetan.