Bi garaipen Ostadarreko neskentzat

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 25a, 20:38

Jubenil errendimendua eta senior taldeek jardunaldiko partidak jokatu dituzte arratsaldean Maialen Chourraut kiroldegian. Atletico San Sebastian eta Añorga Saskibaloia izan dituzte aurrez aurre, hurrenez hurren. 

Bi partida, bi garaipen. Saskibaloia izan da arratsaldeko protagonista Maialen Chourraut kiroldegian. 

Lehen norgehiagokan, jubenil errendimendua mailako neskak lehiatu dira. Urdin-beltzek Atletico San Sebastian izan dute arerio. Berdindutako partida izan da, joko azkarra eta aukera ugari sortu dituzte bi taldeek. Jokoaren erdian bakoitzaren puntu kopurua 33-30 zen. Atsedenaldiaren ondoren, erritmoa pixka bat jaitsi da, baina saskiratzeak pilatzen jarraitu dute bi boskoteek. Nahiz eta Donostiako taldeko entrenatzaileak defentsa eta kontraerasoa egiteko errepikatu bere jokalariei, ezin izan diote Ostadarri aurre hartu eta 64-52 izan da azken emaitza.

Arratsaldeko bigarren partidan, berriz, senior mailako nesken txanda izan da. Aurrekoan bezala, Ostadar aurretik joan da markagailuan partida osoan eta jokoan ere nagusitu dira. Atsedenaldira 34-22 heldu dira eta azken bi laurdenetan ere joera bera jarraitu dute, aldea gero eta gehiago zabalduta. Hala, amaierako emaitza 67-40 izan da. 

Jardunaldia sailkapeneko 4. postuan amaituko du Ostadarrek, hirugarrenarekin berdinduta. 18 puntu ditu, lehen postuan dauden Atletico San Sebastian eta Zast Neskak taldeek baino puntu bat gutxiago.