Oporretarako prest, Ogi Berriko sariari esker

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 24a, 13:00
Rafael Arruti Aramburu irabazlea Ogi Berri okindegiko arduradunarekin.

Rafael Arruti Aramburu usurbildarrak 3.000 euroko saria eskuratu du 57.342 zenbakia izateagatik

Errege Eguneko loteriak poz ederra eman dio Ogi Berri okindegiko Rafael Arruti Aramburu bezeroari. Eguneroko bezeroak dira Arruti eta bere familia eta Usurbildik Lasarte-Oriarako bidea egiten dute. "Ni ez banator nire alaba da erostera etortzen dena. 356 egunetik 340 bat hona gatoz ogia erostera".

Ezusteko ederra eraman zuen sariaren irabazlea zela jakiterakoan. Gabonak Zestoan igaro ditu eta duela hamabost egun, berriro ere ogia erostera etortzean zenbakia ikusi zuen dendan. "Zein zenbaki da hori?' galdetu nien eta zozketako irabazlearena zela esan zidaten. Etxera joan eta nituen zenbakien artean hor agertu zen 57.342 zenbakia".

Okindegiko beste zozketaren batean saria eskuratzetik gertu egon dela aitortu du, "aurreko udan San Pedro jaietan egiten duten zozketan bi zenbakirengatik izan ez balitz... Txarteleko azken zenbakiei kokapena aldatu eta saria nirea izango zen".

3.000 euroko saria eskuartean, zertan erabiliko duen oso argi du. "Dirua oso ongi datorkit. Aurten astebeteko oporrak egin beharrean, bi astekoak egingo ditugu. Kanariar uharteetara edo... ikusiko da".