Zabaletako eta Kale Nagusiko igogailuen proiektuak martxan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 26a, 09:00
Oriarte institutuko Larrekoetxe eraikin atzealdetik Zabaleta auzoraino egingo dute igogiluetako bat.

Lau hilabete ditu I-Ingenia enpresak exekuzio proiektuak prestatzeko

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du adjudikatu dituela Zabaletako eta Kale Nagusiko igogailuen proiektuak idazteko lanak. I-Ingenia ingeniaritza enpresak landuko ditu txosten horiek, eta, beranduenez, lau hilabeteko epean entregatu. 54.036 euro bideratu ditu udalak horretara.

Bi igogailuen inguruko zenbait xehetasun eman ditu udalak. Esate baterako, 2018an onartutako Irisgarritasun Planaren parte direla. Oriarte institutuko Larrekoetxe eraikin atzealdetik Zabaleta auzorainoko bidea egingo du lehen igogailuak. Bigarrena, berriz, Kale Nagusitik Goikale eta Oztaranen goialdera iristeko eraikiko dute. 

Bigarren igogailu horren eraikuntzak "fase bat baino gehiago" izatea aurreikusten du udalak. Goikale eta Oztaranera joango da aurrena. "Zataraingo sarbidea konpondu beharko da hori eta gero", nabarmendu udalak ohar bidez.