Bertsoaz eta literaturaz gozatzeko aukera berria

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 25a, 09:00
Iragan urteko bertso afari literarioko artxiboko irudi bat.

Irakurle Txokoak antolatutako bertso afari literarioa otsailaren 8an izango da Xirimiri elkartean. Txartelak agortu dira dagoeneko

Bertso doinuekin eta literatur hitzekin emango diote hasiera Irakurle Txokoko lagunek otsailari, hilaren 8rako, larunbatez, bertso afari literarioa antolatu baitute. Seigarren edizioa izango da aurtengoa.

Ane Labaka bertsolari lasarteoriatarra arituko da  mikrofonoaren aurrean, eta berarekin batera baita Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi ere. Iñigo Astiz arduratuko da gaiak jartzeaz, eta literatur pasarteak txertatzeaz.

Bertso eta literatura saioarekin batera, afaria ere izango da. Elkartean sukaldatu eta bertan otordu goxoaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. 

100 sarrera jarri dituzte salgai,  baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko saldu dira.