Leire Berasategi: "Uste baino hobeto moldatu naiz kameren aurrean"

Maddi Zaldua 2020ko urt. 24a, 12:15
Leire Berasategi Txorienen, Zigor Iturrieta aurkezlea ondoan duela. Argazkia: Leire Berasategi

M. Berasategi kafeak dendako hirugarren belaunaldiko kidea eta langilea da Leire Berasategi. EiTBko Txoriene saioan egon da: bi errezeta osatzeko kafea egin du lasarteoriatarrak, eta edaria modu egokian prestatzeko hainbat aholku eman dizkio TXINTXARRI-ri. Saioa datorren asteko ostiralean ikusi ahalko dute herritarrek, 15:00etan.

Nork ez dio sekula gertukoren bati kafetxo bat hartzeko proposamenik egin? Otorduen ostean ere, gehienetan ez du hutsik egiten edariak. Batzuek hutsa eta beste batzuek esnearekin –edo beste hainbat osagairekin– konbinatu ohi dute. Bakoitzak bere gustuen arabera prestatu ohi du, baina, kasu gehientsuenetan, "prestaketak behar adina arretarik jarri gabe" zerbitzatu ohi dira kafeak. Horrela azaldu du Leire Berasategi (Lasarte-Oria, 1983) EiTBko Txoriene saioan. M.Berasategi kafe dendako hirugarren generazioa da, eta telebista saioan aritu da senide-negozioaz hizketan. Kafea ere egin du bi plater ezberdin prestatzeko. Datorren ostiralean ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek, eguerdiko 15:00etan. 

Berasategik telebistan bizitako esperientziaren berri emateko bildu da Txintxarri aldizkariarekin, eta azaldu du "uste baino hobeto" moldatu dela kamara aurrean: "Bezperako egunetan, zertxobait urduri nengoen, baina behin grabaketa hasita, eta Zigor Iturrietaren –saioaren aurkezlea– laguntzarekin, oso ondo moldatu gara".

Bi plater kozinatu dituzte; brokoli, azalore, porru eta otarrainxka entsalada epela kafe ozpin olioarekin eta kafe krema txantilliarekin. Bietan erabili dute kafea, eta hori prestatzeko bere jakinduria eta esperientzia erabili ditu Berasategik; kafea behar bezala egitea "ezinbestekoa" baita kafe "onaz" gozatzeko. 

Kalitatezko produktuez gain, kafe-makina bakoitzaren erabilera zehatz bat egin behar dela azpimarratu du. "Kafearen erre zaporea ekiditeko, garbitasuna mantentzea oso garrantzitsua da". Telebista saioan, kafetera italiar batean egin du edaria Berasategik, eta horren erabilera egokia egiteko aholkuak eman dizkio aldizkariari. Ura, kafeteran jarri aurretik 92 gradutara berotzea gomendatu du Berasategik, eta horrekin batera, kafea ez zapaltzea: "Behatzarekin soberan dagoena kendu eta listo bestela urak erresistentzia handia gainditu beharko du igotzeko, eta horrek kafea erretzea eragin dezake". Horrez gain, jarraitu beharreko azken pauso bat ere gehitu du;  tapa irekita uztea. "Horrela, kafea igotzen den momentuan bertan konturatuko gara, eta horrekin ere, kafea erretzea ekidingo dugu". 

Datorren urtean 60 urte beteko ditu senide-negozioak, eta ziur, orain arte bezala, bezeroen beharrak gertutasunez asetzen jarraituko duela.